Arrasateko 60 bat umek egindako buztinezko lanak eta marrazkiak ipiniko dituzte Mundua zeuk margotu erakusketan. Bihar, martitzena, zabalduko dute eta egubakoitzera arte egongo da zabalik Monterron jauregian. Ume horiek katekesira doazen 8-11 urte bitartekoak dira. Musakola, Santa Teresa, San Frantzisko eta San Juan parrokietako umeak dira, katekesiko 3., 4. eta 5. mailetakoak.
Erakusketa Hirugarren Munduaren egoerarekin kontzientziatzeko egin dute. Iparraldearen eta hegoaldearen arteko desberdintasunak irudikatu dituzte umeek euren lanetan. Elizbarrutiak gurasoak eta, oro har, herritar guztiak gonbidatzen ditu erakusketara.
Ekuadorko begiralea
Hiru bat astean, tailerretan lan egin dute katekesiko umeek Pablo Sanaguano begirale ekuadortarrarekin. Hirugarren Munduko herrietako egoera azaldu die hark umeei, hauek kontzientziatzeko beste herri pobreago batzuen egoerarekin. Horretarako, adibideak erabiltzen zituen. Hala, Espe Lizarraldek, katekistetako batek, hauxe gogoratzen du: "Umeek esaten zioten arkatz txikiak bota egiten zituztela; berak arkatza hartu eta marrazki eder bat egiten zuen, eta esaten zien berari arkatz hark askotarako balio ziola". Erakusketa osatzeko, umeen lana erakusten duen bideoa emango dute.
Pablo Sanaguanok Euskadi osoan egin du lan horrelako tailerrak ematen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elizbarrutien ekimenez. Arrasaten ere hala egin du, hango katekisten laguntzarekin.