Fagorrek atzera bota dezake Gamei eskuratzeko eskaintza, ez badute akziodun txikiekin adostasunik lortzen

Arrasateko Gamei lantegiaren egoera larria da azken urteotan. Gauzak horrela, langileak kalera ez botatzearren eta enpresa iraunaraztearren, Gameiko ugazaba nagusiek Fagor Arrasate kooperatibari proposatu zioten Gamei enpresa bereganatzea.

Hala, negoziazio prozesua abiarazi zuten orain dela hilabete batzuk. Hiru puntu nagusi ziren negoziatu beharrekoak: batetik, Gameik dituen 55 langileetatik bakarrik 32 hartu nahi ditu Fagorrek; ondorioz, gainerakoendako aurre-erretiroa edo borondatezko bajak eskaini dituzte. Bestetik, Fagorrek ez ditu bereganatu nahi Gameiren zor denak; hala, Fagorren proposamena da hornitzaile bakoitzari zorren %40-%50 ordaintzea. Eta, hirugarrenik, Gamei bereganatuz gero, Fagorrek gura du akzioen %100aren jabetza eskuratu; ez dute nahi "gutxi aportatuko duten gutxiengo akziodunik izaterik".

Akziodun txikiak arazo

Goienkaria-k jakin izan duenez, lehen bi puntuetan lortu dute adostasuna bi aldeek. Ez, ordea, hirugarren puntuan. Jakinarazi digutenez, akzioen %3na duten bi pertsonek ez dute hori saldu gura, eta hori Fagorrek "oztopo nahiko larritzat" ikusten du. Zera ere gaineratu du Fagor Arrasatek: "bitartean denbora aurrera doa eta pasatzen den hilabete bakoitzak Gameiren balantze ekonomikoa okertzen du, eta egoerak ezin du aste gutxi batzuk besterik iraun. Beraz, datozen bizpahiru asteetan jabetzaren gaia ez bada era egokian konpontzen, Fagor Arrasatek bere eskaintza erretiratu egingo du."

1942an sortutako lantegia

1942an Arrasaten sortua, Gonzalez, Mendizabal eta Etxeberria familien artean daude banatuta akzioak. Makina erreminta sektorekoa da. Batik bat prentsak egiten ditu. Arrasaten enpresa ezagun eta indartsuenetakoa izandakoa da, baina azken hiruzpalau urteotan krisialdian sartu da, batez ere italiarren konpetentziagatik eta banketxeekin dituzten zorrengatik. Azken urteotan krisia larritu egin da eta horregatik jo dute Fagor Arrasatekoengana. Ugazaba nagusiek, Arrasatekoak izanda, nahiago izan dute langileen eta lantegiaren etorkizuna bermatu eta ez interes propioak, interes ekonomikoak batik bat, lehenetsi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.