Ezker Batuaren kaleratzearen gaineko alderdien iritziak

Ezker Batuak prentsaurrekoa eskaini du euren ikuspuntua azaltzeko gaur, urtarrilak 18. Astelehenean Tokiko Gobernu Batzarrak udal gobernutik kanpo uzteko erabakia hartu zuen. Ignacio Lakuntza alkateak horren gaineko dekretua sinatu eta urtarrilaren 30eko osoko batzarrean aurkeztu beharko du. Alderdien adierazpenak batu ditugu.

Inazio Lakuntzaren, EAJ

Inazio Lakuntzaren, EAJ

  • "Zerrajera inguruan La Caixak egin nahi zituen etxebizitza sozialak direla-eta, Ezker Batuak erakutsitako jarrerarengatik bota dute alderdi hori udal gobernutik."

  • "Ezker Batuak bazekien La Caixako proiektuari ezetza emanez gero, udal gobernutik kanpo gelditzeko arriskua zutela. Zaila da egotea gobernu talde moduan eta oposizioa egitea".

Luis Etxeberria, EA

  • "Nik ikusten dudana da eurak ez zeudela ados, nik ez dut esaten ondo edo txarto dagoenik, baina udal gobernuan bazaude udal gobernuan zaude, eta ez oposizioa egiteko. Nik ez dut esaten ez ondo ez gaizki dagoenik, baina derrigorrezkoa zen."

Paco Garcia, PSE

  • "Urrezko aukera dugu Arrasateko udalean politika ezkerretik egiteko, ezkerreko indarrek osatzen dute udal honen gehiengoa. Orain arte gauzak inposaketaz egin dira, eta gaurtik aurrera, zorionez, adostasunak lortu beharko dira."

Joseba Ugalde, Ezker Batua-Berdeak

  • "Udal Gobernutik bota egin gaituzte euren mehatxuak ez onartzearren eta gure babesa ez ematearren Zerrajera gunearen ordenazioa aldatu eta legeari iruzur egin ahal diezaioten."

  • " La Caixaren egitasmoaren kasuan gutxi batzuen interesa interes orokorraren gainetik ipini dute eta ikusita EBren jarrerak piztu duen ika-mika, badirudi alkateak ezkutuko interesak dituela gai horretan."

Aralarrek adierazitakoa

  • "Erabakia alkateak hartutakoa izan da. Aralarrek ez du bat egiten erabaki horrekin. Udal Gobernuan egon arren erabaki hori ez da gurekin adostu."

  • EBk reposizio errekurtsoa aurkeztu ostean, La Caixaren proposamenak legeria betetzen duen aztertuko du Aralarrek."

Itziar Lamarain PP

  • "Alkateak ez du onartzen bere borondatearen aurkako ezer, Osoko Bilkuretara joatea besterik ez dago ikusteko zer gertatzen den eta zer egiten duen bere gehiengo zoragarriarekin eta bere kalitatezko botoarekin proiektuak aurrera ateratzeko. Hain berba egin zalea dela dioenak ez du eztabaidarik onartzen, eta nahi duena egiten du."

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.