Koadrila Arteko Krosa eta Boulder Txapelketa, Santamasetan murgiltzen hasteko

Eguenean, abenduaren 22an izango da Santamas eguna, baina kirol hitzorduei dagokienez, Santamasetako krosaren eta Boulder Txapelketaren esku egongo da asteburuan giroa berotzen hasteko ardura.

Bihar, zapatua, Arrasateko 5. Boulder Txapelketa egingo dute, Uarkapen. Joan den urtean kale egin zuen txapelketa horrek; eta, ordainsari moduan, aurten ahalegin berezia egin dute antolatzaileek, Euskal Herri osoko eskalatzaileak erakartzeko. Hala ere, antolatzaileek ez dute gura txapelketak izaera herrikoia galtzea. Hau da, edozein herritarrek har dezake esku. Bihar, 10:00etan hasiko dira izenak hartzen, eta goizean egingo dituzte kanporaketa saioak. Arratsaldean, berriz, 18:00etan hasiko dituzte finalak.

Domekan, Koadrila Arteko Krosa

Enrike Kabiketaren izenean egingo duten hirugarren krosa izango da domekakoa, eta lasterketak berak 28 urte egingo ditu aurten. 11:00etatik 12:00ak arte gaztetxoendako lasterketak egingo dituzte eta 12:30ean hasiko da Koadrila Arteko Krosa, Seber Altuben. Nagusien lasterketari dagokionez ez da aldaketarik izango; korrikalariek Arrasateko kaleetan zehar sei kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Urtero 60-80 lagunek hartzen dute esku eta aurten beste horrenbeste espero dituzte. Proba baino lehenago eman ahal izango da izena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.