Azoka asteak baserritarrekin

Nerea Zubiete 2005ko abe. 16a, 14:29
EHNE nekazarien sindikatua eta EBEL, Emakume Baserritarren Elkartea azoka asteak egiten dabiltz herriz herri hil honetan. Herritarrei baserritarren egoeraren berri eman eta esan nahi diete herrietako azoka plazek berebiziko garrantzia dutela baserritarrendako. Horretaz gainera, elikaduraren garrantziaz ohartu nahi dute gizartea. Urtaro guztietan, hiru hilabetetan behin egingo dituzte azoka asteak.

Garaiak aldatuaz doaz eta eurekin batera ohiturak, beharrak eta joerak. Baserritarrek gero eta aukera gutxiago dute merkataritza gune handiei aurre egiteko. Gaur egun, bestalde, emakumeek zein gizonek egiten dute lan etxetik kanpora. Etxeko lanak egiteko denbora murriztu egin da eta horrekin batera erosketak egiteko eta janariak gertatzeko denbora. Horrek eragina du gaur egun dugun elikaduran: gero eta gehiago kontsumitzen dira etxetik kanpora egindako janari industrialak, iraupen luzea izateko osagai ugari dituztenak eta guregana iritsi baino lehen bidai luzea egin behar dutenak. Kate honetan jarraituz, osasunean eragin nabarmena du horrek: gero eta gehiago entzuten da obesitateari, kolesterolari eta hipertentsioari lotutako arazoak ditugula, esate baterako.

Mezu bi horiek eman nahi dituzte EHNE sindikatuak eta EBEL elkarteak "Azoka asteak" kanpainaren bitartez. Azokak biziberritu nahi dituzte alde batetik, eta bestetik herritarrak ohartu nahi dituzte, esanez elikadurak berebiziko garrantzia duela gure osasunerako. Informazio hori banatu dute gaur azokan.

Aldaketak behar

Garaiak aldatu dira eta ohitura eta joerak aldatu dira, beraz, hori zuzendu nahi bada, beste aldaketak egin behar dira. EHNE sindikatuak uste du bai baserritarrek, bai kontsumitzaileek eta baita Administrazioak ere ardura dutela horretan.

Beharrezko ikusten dute azoka orduak aldatzea, gehienetan etxeko lanak eta janariak egiten dituztenen kanpoko lan orduetan zabaltzen dituztelako azoka plazak. Lehendabizi proposatzen dute arratsalde-iluntzeko azokak ere bultzatzea, aukerak zabaltzeko. Baserritarrak gertu daude horretarako. Hurrengo urratsa Administrazioak eman behar du, arratsalde-ilunkaretan azokak egokituz. Azkenik, kontsumitzaileen esku egongo da jakiak non erosi erabakitzea.

Udalarekin harremana

EHNEko eta EBELeko ordezkariak harremanetan jarri dira Arrasateko Udaleko azokako arduradunekin, egiten dabiltza ekimenen gainean eta azokaren egoeraren gainean hitz egiteko. Pozik daude, Udalak ateak zabaldu dizkielako eta borondate ona azaldu duelako elkarrizketa abiatzeko.

Arrasateko baserritarren artean ordezkaritza lanak egingo dituen talde bat osatu nahi dute, Udalarekin harreman jarraitua izan dezan. Hasierako harremanak eta tramiteak sindikatuak izango ditu Udalarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak