Elkartasuna Bilboko taxi gidariekin

Nerea Zubiete 2005ko abe. 13a, 15:54

Bilboko taxi gidariek elkartasuna jaso dute hemengo lankideengandik ere. Eguerdian, 12:00etatik 13:00ak bitartean bertan behera utzi dute taxi zerbitzua Arrasaten. Bat egin dute segurtasuna eskatzeko Bilbon egiten dabiltzan protestarekin.

Bilbon atzoz geroztik greban dauden taxistei elkartasuna adierazteko egin dute gaur eguerdian geldialdia Arrasaten ere. Jose Luis Iborra, Arrasateko taxi gidarien ordezkariak azaldu duenez, normala ikusten du Bilboko taxistak haserre egotea, Bilbon ia ez dutelako inolako segurtasun neurririk. Dio agintariak larritu egiten direla horrelako gertakariak daudenean, baina gero ahaztu egiten zaiela eta ez direla behar diren neurriak hartzen.

Arrasaten seguruago

Iborrak azaldu duenez, Arrasaten seguruago daude taxi gidariak. Orain dela hainbat urte elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten Udalarekin eta Ertzaintzarekin. Orduan ikusi zuten hemen ere egoerak okerrera egin zezakeela eta neurriak hartu zituzten.

Gaur egun, gauez taxiaren beharra izanez gero, Arrasateko Udaltzaingora deitu behar da edo Udaltzaingora bertara joan behar da. Han, udaltzainek eskatzailea identifikatuko dute eta ziurtatuko dute arazorik ez diola ekarriko taxistari. Horretaz gainera, ordainketa ere ziurtatzen dute. Horren ostean taxia eskatzen dute. Arrasaten guardiako txandak egiten dituzte taxi gidariek.

Udaltzainak gauez lanean ez dabiltzan herrietan, Ertzaintzaren bitartez eskatu behar da taxia. Neurri horiekin taxistek esaten dute nahiko seguru ibiltzen direla gure eskualdean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak