Mozioa onartu duten alderdiek baikor ikusi dute Udalak hartutako erabakia. Eztabaida luzea izan zen atzoko Osoko Bilkuren aretoan, orain arte gertatu diren desadostasunek bultzatuta. Eta aretoa beteta zegoen. Hiltegia Bizirik plataformak deituta, okelaren sektorean dabiltzan baserritar eta harakin asko joan ziren atzoko udalbatzarraren gora beherak jarraitzera.
Kezkak
Alderdi popularrak azaldu du ez dagoela oso ziur, Alkateak benetan Udalbatzarrean onartutakoa defendituko duenik Mankomunitatean, orain baino lehen ere horrelako jarrera aldaketak izan dituelako.
Kezka bera azaldu du Ezker Batua alderdiak, esanez, EAJ eta EA alderdiek, zoritxarrez, behin baino gehiago azaldu dutela jarrera bat Udalean eta guztiz kontrakoa Mankomunitatean. Ezker Batuaren esanetan, ez da logikoa orain arte hiltegiaren kudeaketa publikoa izateko inolako aurrerapiderik ez ematea, atzoko Osoko Bilkuran abstentzioa bozkatzea. Uste dute gizartearen presioa nabaritzen hasia dela.
Sorpresa hartu dute sozialistek ere EAJ-ren eta EA-ren abstentzioarekin eta aurreko alderdien kezka bera azaldu dute. Sozialistek diote balantzea egin behar dela eta ondo ikusi behar dela zer ekarriko dion gizarteari hiltegia ixteak eta, bestalde, zer onura ekarriko duen hiltegia zabalik izateak.
Inazio Lakuntza Alkate eta Mankomunitateko Presidentearen esanetan, berriz, atzoko Osoko Bilkuran Arrasaten onartu zen mozioak ez ditu gauzak asko aldatuko. Izan ere, Alkateak azaldu du joan den astean Mankomunitateko Hiltegiaren Batzordea batu zen eta erabaki zuen Gobernu Batzarrari proposatzea hemendi aurrera ere, hiltegiaren kudeaketa oraingo bera izatea, hau da, Mankomunitateak berak kudeatzea eta publiko izatea.
Okelaren sektorea zain
Hiltegia Bizirik Plataformak ere balorazioa egin du. Dio, mozio hori Oñatin, Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan onartu denez, espero dutela Mankomunitatean ere onartuko dutela. Ona izango litzatekeela diote, sektoreak behingoz parte izango lukeelako hiltegiaren kudeaketaren erabakietan eta zerbitzuak mankomunatua izaten jarraituko lukeelako.
Debagoienetik kanporako udalerriak inplikatzeko orduan, Plataformak logiko ikusten du ahalegin hori egitea Debabarreneko eta Goierriko udalerriekin, historikoki guregana jo dutelako abereak hiltzera. Durangoko eta Gasteizko kasuetan, ordea, uste dute oraindik goiz dela ezer eskatzeko, eurak ere euren hiltegiak berreskuratzeko ahaleginetan dabiltzalako.