Aldamioz inguratuta dago San Esteban Eliza, joan den astetik. Aspaldi behar zituen konponketa lanak egiten dabiltza. Martin Uribarren, Udalako Auzo-alkateak azaldu duenez, inguruko elizetan konpondu barik geldiketan den bakarrenetakoa da Udalakoa. Ba orain, 252.000 euro tarteko, elizaren egitura konpontzen dabiltza. Teilatua, kapiriouak, barruko egitura eta, oro har, konponketa behar duen guztia berritzeko aprobetxatzen dabiltza. Aldaketarik ez diote egingo, baina egitura sendotuko diote eta aurpegia txukundu ere txukunduko diote.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ondarea zaintzeko ematen dituen diru-laguntzak aprobetxatu dituzte Udala auzoan elizaren konponketari ekiteko. Guztira, esan dugun moduan 252.000 euro da konponketaren aurrekontua, lehengo pezetetan 42.000.000. Hortik %70 Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko du. Gainontzeko %30 hiru zatitan ordainduko dute ondorengo hauek: %10 Gipuzkoako Diozesiak, %10 Arrasateko Udalak eta gelditzen den %10 Udala auzoko biztanleek eta kanpoan bizi diren auzokideek ematen dituzten laguntzekin ordainduko dute.
Joan den astean hasi ziren konponketa lanak egiten eta auzokideek nahi lukete Gabonetako ospakizunetarako eliza berrituta egotea. Horrekin, hala ere, ez daude seguru eta agian datorren urteko hasierara arte itxoin beharko dute.