Lanpostuen galerarik ez izateko neurriak hartzen dabiltza Fagorreko bazkideak eta Kontseilu Soziala

Fagor taldeko hainbat bazkide eta Kontseilu Soziala kezkatuta daude nazioarteko merkatuaren joerak hemengo enpleguan izan ditzakeen eraginekin. Izan ere, Fagor Etxetresna Elektrikoko zuzendaritzak planak ditu produkzioaren zati bat kanpora ateratzeko, hemengo produkzioarekin ezin duelako konpetitu. Horrek desenplegua ekarriko luke, aldez aurretik neurririk hartzen ez bada. Saiolanek proposamena egin dio Fagorri, langile guztien artean, negozio berriak abian jartzeko ideiak garatzeko prozesua zabal dezan.

Fagor Etxetresna Elektrikoko kideek zailtasun handiak ikusten dituzte beste produktoreekin konpetitzeko. Badakite hemengo produkzioa kanpora ateratzea dela konpetitibitaterako bidea, baina horrek lanpostuen galera ekarriko luke. Une honetan egoerarik latzena etxetresnen alorrak du egoerarik latzena. Kontseilu Sozialaren esanetan, hozkailuen gama baxuko eta ertaineko produkzioa kanpora aterako dute eta uste dute azkar hartzen ez badituzte neurriak egoera larria izango dela.

Etxetresna elektrikoen merkatua merkatu heldua da eta hor berrikuntza handirik ezin dela egin diote. Gainera, orain konpetentzia handia dute orain arte produktoreak izan ez diren herriekin: Brasilekin eta Txinarekin, esate baterako. Herri horiek orain produkzioa ejekutatu egiten dute, baina laster batean sortzen has daitezke eta konpetentzia izugarria izango omen da orduan.

Fagorren ez dute lanposturik galdu nahi. Bazkideekin ez legoke arazo handirik, koperatiben artean moldatuko litzatekeelako onartzeko. Baina aldi baterako kontratatuta daudenek zailtasun handiak izango lituzkete. Orain, beraz, hori horrela izan ez dadin, neurriak hartu behar dituzte eta hausnarketa prozesuan murgiltzen hasi dira.

Saiolanek negozio berriak garatzeko proposamena egin du

Saiolanek, Goierriko Azaro Fundazioarekin batera, proposamen bat egin dio Fagorri. Kooperatiben barruan prozesu bat zabaldu, aukera emanez langile guztiei, bazkideei eta aldi baterako kontratatuta daudenei, negozio berrietarako ideiak garatzeko. Garatuko diren negozioak edo ideiak, gainera, izan daitezke kooperatiben negozioei lotutakoak edo kooperatiben negozioekin zerikusirik ez dutenak.

Esperientzia hau ez da berria. Saiolanek berak garatu ditu beste proiektu batzuk beste enpresa batzuekin, hala nola, ULMArekin eta Auzo Lagunekin. Fagor Etxetresna Elektrikoekin Saiolanek orain baino lehen ere garatu du beste proiektu bat: hiri-altzariak egiten ditu, altzairu herdoilgaitzez.

Kontseilu Sozialaren ustez, gaur egun Adimenaren Gizartearen kontzeptuan sakondu behar da eta murgildu behar da. Dagoen kapital soziala ondo erabili, lan merkatuari eta nazioarteko ekonomiari aurre egiteko. Munduko potentzia handiak, Amerikako Estatu Batuak eta Japonia esaterako, horretan dabiltza inbertitzen eta Fagor ezin da horretan atzera gelditu. Baina argi dute, gainera, ez dela bakarrik Fagorreko edo gure bailarako egoera bat. Uste dute Administrazio guztiak jarri behar direla elkarlanean gaurko eta datorkigun egoerari aurre egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.