Energia Bizi erakusketa zabalik Maiatzaren Lehena plazan

Nerea Zubiete 2005ko aza. 3a, 12:53
Energia iturriak, orain arte erabili direnak, aztertzen dabiltzanak, duten garrantzia eta energia aurrezteko aholkuak. Hori dena ikus dezakegu Energia Bizi izeneko erakusketan. Eusko Jaurlaritzako Energiaren Erakundeak antolatu du erakusketa. Goiz eta arratsaldez zabaltzen dute karpa eta hamar egunez izango da Arrasaten.

Bost ataletan banatu dute erakusketa: Energiaren historia, Erregai fosilak eta energia nuklearra, Energia berriztagarriak, Bioetxea eta Energia-eraginkortasuna izeneko ataletan hain zuzen ere.

Ikasle talde asko Arrasaten

Erakusketa herritar guztiei dago zuzenduta. Hala ere, Euskadiko Energiaren Erakundetik azpimarratu dute haurrendako eta ikasleendako programa berezia dutela. Eurak izango dira etorkizunean energia erabiliko dutenak eta nahi dute txikitatik jakitea nola aurreztu energia. Monitoreak izango dituzte eta erakusketak proposatzen duen ibilbidea egiteaz gainera, era ludikoan ere landuko dituzte helburuak. Gainera, Arrasaten erakusketak egingo dituen hamar egunetarako, eskaera asko egin dituzte ikastetxeek.

Historian gizakiak nola erabili duen energia, pertsonen eta makinen arteko erlazioa, energia eta nazioarteko ekonomia, energiaren gaineko politikak, energia iturri anitzak, orain arte erabilitakoak eta orain aztertzen dabiltzanak eta azkenik, energia ondo erabiltzeko aholkuak. Hori guztia dugu Maiatzaren Lehena plazan jarri duten karpan. Goizez eta arratsaldez zabaltzen dute, egunero. Aste egunetan ikasle ugari joango dira ikastetxeetatik. Antolatzaileek espero dute asteburuan gainontzeko herritarrak ere joango direla energiaren erabilerari buruz informazioa jasotzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak