Batzokiari eraso egin diote

Bart gauean, Batzokiari eraso egin diote, eraikinaren atzeko aldetik. Harriak eta pintura hori-gorriz betetako botilak jaurti dituzte, balkoira eta goiko leihoetara.

Erasoaren ondorioz, bi leiho apurtu egin dituzte eta pinturaz betetako botila bat Batzokiaren jangelara sartu da, jangelan ere kalteak eraginez. Era berean, goiko bulegoko ordenadorea apurtu egin dute.

Batzokiko sukaldariak kontatu digunez, goizean tabernara iritsi denean jabetu da gertatutakoarekin. Berehala abisatu dio EAJko presidente Julian Garairi, eta hark ertzaintzari. Ertzaintza ere berehala agertu da eta lekua ikuskatu du. Bere aldetik, Julian Garai Ertzaintzaren komisariara joan da, salaketa ipintzera. Eta eraso horren aurrean haserre handia sentitu dutela aditzera eman digu, EAJren izenean.

Bestalde, Batzokiaren ondoko bizilagunak kontatutakoaren arabera, bart gauean zarata handiak entzun zituen, 22:30ak inguruan. Beraz, baliteke orduan gertatzea erasoa.

Aurten, Batzokiak jasaten duen bigarren erasoa da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.