Hogei urte inguru dituen gizonezko batek ahalegin bat baino gehiago egin ditu dendariak nahastu eta dirua lapurtzeko. Ordaindu ondoren, kanbioak hartzeko orduan ahalegintzen da iruzurra egiten. Gutxienez denda batean, San Andres auzoko denda batean egin du iruzurra, baina gehiagotan ere ahalegindu da.
Udaltzaingoak adierazi duenez, 20 urte pasa dituen gizon gaztea denda txikietara sartzen da, gauza merkeak eskatzen ditu eta gero, ordaintzeko orduan, bilete handiak ateratzen ditu: 200 edo 500 euroko bileteak.
Bueltak hartzeko orduan, dendaria nahasten hasten da, korapilo handia egiten dio eta azkenean, eman duena baino diru gehiagorekin ateratzen ahalegintzen da.
Udaltzaingoak adierazi duenez, San Andres auzoko denda batean lortu du iruzurra egitea eta besteren batean ahalegindu da, baita ere Olarte kaleko dendaren batean ere.
Badirudi diru kontuetan dendariak nahasten trebea dela oso. Udaltzaingotik bereziki dendariak ohartu nahi dituzte, kontuz ibil daitezen.