Norgehiagokaren ordua hurbiltzearekin batera gero eta urduriago zeuden Arrasateko futbol zelaira hurbildutako ehunka gaztetxoak. Antolatzaileak, berriz, gero eta lasaiago, ekimen arrakastatsuagoa izan behar zela ikusita. Lehenengo txalo zaparrada, bi taldeak Kilometroakeko pankartarekin zelairatu zirenean. Eta, orkestrako gidari Rekarte, kapitaina etxean zegoelako.
Norgehiagokan zehar, joko ikusgarririk ez, baina golak bai, Kovacevicek eta De Paulak Realarendako egin zituztenak (2-0). Orduan altxatu ziren zaleak euren eserlekutik, eta orduan egin zuten txalo gustura. Baita Mikel Gonzalez zelairatu zenean ere.
Norgehiagoka amaieran Alvaro Novok, Igor Jauregik eta Jose Mari Amorrortuk egin zuten berba. Realeko entrenatzailea gustura zen, Reala txukun ibili zelako, eta hainbat jokalari errekuperatuta ikusi zituelako. Jauregi ere gustura zen, lesioa gaindituta hamaikakoan sartzeko moduan dagoelako, eta Novok gaineratu zuen ez dakiela domekan jokatuko duen ala ez: "Hori entrenatzaileak erabaki beharko du".