Arratsaldeko 17:00etan hasiko da norgehiagoka erakargarri hori, Atxabalpen, eta sarrerak bertako leihatiletan egongo dira salgai (2 euro).
Lagunarteko norgehiagoka bada ere, Euskadiko selekzioko manager Oskar Aginagak azaldu digu jokalariak daukatena ematera zelairatuko direla: "Selekzioan ez dago erlaxatuta jokatzerik. Kontuan izan, biharko norgehiagokarako 30 jokalari elkartuko ditugula, baina aurten Europa osoan jokatuko den Lurralde Autonomikoen Txapelketarako sailkatuta gaude, eta txapelketa horretan 25 jokalari bakarrik izango dira. Horrek esan gura du hainbat postu daudela jokoan".
Euskadiko selekzio indartsua izanda ere, Frantzian errugbiak askoz ere oihartzun handiagoa dauka: "Talde mordoa daude han, maila handikoak. Limousingo konderrian Frantziako Lehenengo mailan jokatzen duten zazpi talde daude, eta beste kategoria asko. Horrek esan gura du kontrario gogorra izango dela; eurendako ere prestakuntza partidua izango da, Limousin konderria ere lehenago aipatutako txapelketarako sailkatuta dagoelako".
Euskadiko Selekzioari dagokionez, ibarrekoek izango dute nor animatu, Ordiziako taldean dabilen Iker Elortza arrasatearra egongo da-eta aukeratutako 30 jokalari horien artean.
Reala eta Eibar Atxabalpen
Irailaren 7an, berriz, Reala eta Eibar ikusi ahal izango ditugu jokaleku berean, Atxabalpen (18:00etan). Norgehiagoka horretarako sarrerak dagoeneko salgai daude, ondorengo tabernatan: Zarauztarra (Eskoriatza), Gurea (Aretxabaleta), Monte eta Ziorla (Arrasate), Aloña Mendi (Oñatin) eta Deportivo (Bergara). Hala ere, Atxabalpen bertan ere sarrerak erosi hala izango dituzue norgehiagoka hasi baino lehenago (nagusiek 10 euro, eta 16 urtetik beherakoek 5 euro).
Eguazteneko lagunarteko norgehiagoka hori ezin hobeto etorriko zaie bi taldeei. Aurre-denboraldian ikusi zuten elkar, eta orduan Eibar izan zen gehiago, Zarautzen.