Abuztuaren 22tik irailaren 3a arte Donostian beteranoen munduko txapelketa jokatuko da eta tartean izango dira lau arrasatear. 35 urtetik gorakoendako txapelketa izango da eta gure lau ordezkariak helburu desberdinekin joango dira. Bai Mª Jesus Gilek eta bai Mª Jesus Velascok 1.500 eta 5.000 metrotako probetan lehiatuko dute.
Bigarrenaren helburua txapelketaz gozatzea da, baina Gilek postu onean bukatzea nahi izango du. Mª Fran Alonsok 1.500 metroko proban eta 8.000 metro kroseko proban parte hartuko du. Beroarekin gaizki pasatzen du Alonsok, baina ondo pasatzeko helburua izanda, seguru esperientzia polita biziko duela. Cesar Diezek maratoian parte hartuko du, bere azkeneko maratoia. 20 maratoietan parte hartu du eta azken hau Kabieta zenaren omenez egingo du.
Domina garestia
Mª Jesus Gilen maila inork ez du eztabaidatzen, baina oso zaila izango du domina lortzea. 1.500 metrotan 6:16 marka du eta 5.000 metrotan 22:43. Ea zein postutan amaitzen duen.