Neandertalaren aurretik bizi izandakoaren arrastoak aurkitu dituzte Leizetxikin

Maider Arregi 2005ko uzt. 22a, 10:41
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek Neandertal gizonaren aurretik bizi izandako Homo Heildebergensisen aztarnak aurkitu dituzte Arrasateko Lezetxiki koban. 1965ean haitzuloan aurkitutako besahezurra Homo Heildebergensis espeziearena dela uste dute.

Arkeologoek Homo Heildebergensisen arrastoez gain, Neandertal gizonarenak ere topatu dituzte. Duela 70.000 eta 80.000 urteko hezurrezko eskuziria eta itsasoko kontxekin egindako lepokoak aurkitu dituzte. Ikerketaren zuzendari Alvaro Arrizabalagak azpimarratu du aurkikuntza hauekin esan daitekeela "pertsona" hauek guk uste baino hurbilagokoak ditugula.

Aurkikuntza ugari

Bilaketen artean, Homo Heildebergensisek eginak izan daitezkeen harrizko lanabesak daude. Animalien hondarrak ere aurkitu dituzte, eta arkeologoek Azpi Paleolitoko arrasto gehiago aurkitzeko esperantza daukate. Ondorioz, garai hartan zer nolako fauna, flora eta klima zegoen jakin ahal izango dute.

Homo Heildebergensis

Arrizabalagak adierazi du Homo Heildebergensis espeziearekin lotuta Europan aurkitutako hondarrak urriak direla oso, eta horietatik % 98 Atapuercan daudela. Arkeologoek Atapuercan garai eta sexu ezberdinetako 30 hezurdura aurkitu zituzten, eta Arrizabalagak dioenez, Arrasateko Lezetxikin topatutakoak "antzekotasun handia" du horiekin. Aurkitutako aztarna horiengatik ondorioztatu dute Lezetxikiko besahezurra Homo Heildebergensisi dagokiola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak