Mila lagun inguru elkartu ziren atzo Sahararekin bat egin zuen jaialdian

A.G. 2005eko uztailaren 18a

Saharar umeei ongietorria egiteaz gain gizartea sentsibilizatzeko ere balio izan zuen. "Umeak etortzen dira, baina ezin dugu ahaztu lurralde okupatuetan gertatzen dena", esan zigun antolatzaile batek.

Goizeko 11etan hasi ziren autobusak eta autoak heltzen. Donostiatik, Getxotik, Sopelatik, Berriztik, Zarauztik, Santurtzitik, Bermeotik... ordurako zabalik zegoen Musakolako txosna, baita Saharako haima edo denda ere. Laster hurbildu ziren bertara iritsi berriak. Bero handia zegoen eta gerizpea eskertu egiten zen.

Esker hitzak entzun genituen atzo, domeka, agintarien ahotik. Aisialdia izan zen festa egunaren ardatz nagusia, baina Saharar herriaren eskubide bortxaketa ere ozen salatu zen Arrasaten. Marokok okupatutako mendebaldeko Saharako lurraldeen autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuten.

Hogeita hamar urteko gatazka luzea

Eguerdiko 13:00etan ekitaldi politikoa egin zen Musakolan. Tartean ziren, besteak beste, Nubi elkarteko laguna den Begoña Errazti, Arrasateko alkate Ignacio Lakuntza eta hainbat udal ordezkari. Saharar umeek euren herriko bandera erraldoia zabaldu zuten eta gazte batek aurreskua dantzatu zuen. Jarraian, Sahararen aldeko erakundeen koordinatzaile Txomin Aurrekoetxeak hartu zuen hitza. Autodeterminazio eskubidea eta erreferenduma eskatu zituen Sahararendako eta bere hitzak itxaropentsuak izan ziren. "Bi arrazoi ditut baikor egoteko", esan zuen.

  • "Aurten, 7. saioa egin dugu mendebaldeko Saharan sartzeko. Ez dugu lortu, baina lehen aldiz talde politiko guztiek egin dute bidaia gurekin batera".
  • Bigarren arrazoia atzo, zapatua, jaso zuen eskutitza da. "Alderdi sozialistaren barruan mugimendu bat sortu da Sahararen askatasunaren alde. Estatuko kooperazio idazkari Leire Pajinekin harremanetan egon gara eta uda honetan Zapatero presidentearekin batzeko aukera izango dugula aurreratu digu".

Albiste handia da Aurrekoetxearendako. "Lehen aldiz, Espainiako gobernuak pauso bat emango du gatazka honetan. Ezin dugu ahaztu egungo egoeraren erantzuleetako bat dela".

Testigantza gogorrak

Aicha Chafi saiatu zen baina ezin izan zuen. Berriki, kartzelaratua izan zen eta marokoarren eskuetan era guztietako bortxaketak jasan zituela adierazi zuen. "Emakumeen egoera oso larria da. Ezin dugu ezer egin. Marokoren estrategia da gure herria zapaltzeko".

Brahim Gali, Espainiako Fronte Polisarioaren ordezkaria ere argia izan zen. "Azken egunotan hedabideetan ikusi duzuena Marokoren benetako aurpegia da. Gure herria, bortizkeriarik gabe, legez zor zaion eskubidea aldarrikatzera irten denean Marokok errepresio bortitzarekin erantzun du. Bide luzea dugu oraindik aurretik, baina esan dezaket egindakoa baino motzagoa dela".

Euskal herritarren laguntza eta babesa eskatu zuen Galik eta nazioarteko komunitatearen pasibotasuna salatu zuen. "Nahiz eta Marokok behin eta berriz zapaldu, autodeterminazio eskubidea gurea da. Nazioarteko zuzenbideak jasotzen du. Onartu egin beharko digute". Hemengo agintariei ere gogor egin behar zaiela esan zuen amaitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak