Udalatxen etorkizunaz "eztabaida ezinbestekoa" dela aldarrikatu dute

A.G. 2005eko uztailaren 11

"Udalatx gozatu baina ez ikutu" izenburuarekin egin zuten mendi buelta zapatuan. Gehiegizko kontsumoaren kontrako mobilizazioa izan zen. Ibarrean 10 tona harri kontsumitzen da urtero.

"Gure gizartearen kontsumo mailaz eta Debagoienean martxan dauden lau harrobiez eztabaida zabaldu" behar dela esaten hasi zuen Bai Udalatx plataformak protesta kontzentrazioa Kanpanzar gainean.

Kanpanzar harrobia barrutik ustiatzearen kontra mendi ibilaldia egin zuten eta ondoren kontzentrazioa Udalatx gozatu baina ez ikutu leloarekin.

Kontzentrazioa egin bitartean Kanpanzarren egiten ari diren proiektuaren gainean aritu zen Jabier Abalde plataformako kidea. Adierazi zuenez, "orain egiten ari diren barruko zulaketa AHT eta autopista egiteko harria behar delako dela diote, baina 2010erako autopista amaituta egongo da, hortaz, azpiegitura horiek ezin dira aitzakia izan Udalatx barrutik zulatzeko", azaldu zuen Jabier Abaldek, plataformako kideak. Azaroan Arrasateko Udalean aurkeztu zuten galderaren gainean –harrobiaren esplotazio baimenaz- erantzunik ez dutela jaso ere salatu zuen eta "jendeak nahi badu geratuko dugu Udalatxen zulaketa; modu bakarra gizartea mugiaraztea da", gehitu zuen.

Irailean Udalatxen zulaketaren kontrako sinadurak biltzen jarraituko dutela adierazi zuten Kanpanzar gainean egindako kontzentrazioan.

Udalaitz parke natural

Debagoieneko eskualde egiturako lurraldearen zatiko planean Udalatx parke natural izatea aurreikusten da. Horren haritik, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailean galdetu dugu ia nola uztartu daitezkeen bi proiektuak, hau da, harrobia eta parke naturala. Izan ere, Arrasateko Udaleko ingurumen sailetik adierazi digutenez, egon zen orain dela urte batzuk Elorrioko Udalarekin elkarlanean Udalatxen etorkizuna aztertzeko egitasmoa.

Antza, udal biak orokorrean ados egon arren, hau da, Udalatxi izendapen bakarra eman beharko litzaiokeela, aukera zeharo erabaki barik dago: babestutako biotopo izendatu edo Urkiolako parke naturalaren izendapenean sartu. Kontuak horrela, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari dagokie azken erabakia hartzea eta horren haritik Asteleheneko Goienkaria-ri Industria sailetik adierazi diotenez, "Kanpanzarreko lur azpiko harrobiaren proiektua ez da bateraezina aipatutako Debagoieneko lurralde planarekin. Kasu horretan, Meategietako zuzendaritzak duen betekizuna zera da, harrobi proiektua Meategietako Legearekin bat datorren ala ez aztertzea. Hortik aurrera Udalen esku geratzen da. Bestalde, aleen (aridoak) baliabideak ezinbestekoak dira garapen sozialerako, beharrezkoak dira, alegia. Kanpanzarreko harrobia agortzear dagoenez, eta aleen beharra dagoenez, ordezko harrobi baten premia ikusi da. Premia horri erantzuteko bi aukera daude (norbaitek esan dezake hirugarrena ere badagoela, ezer ez egitea, alegia); aire zabaleko meategi berri bat egitea ala lur azpiko harrobia egitea. Eta, kasu horretan, Industria sailak ongi deritzo Oviedoko Unibertsitateak aurkeztutako proiektuari, hau da, lur azpiko harrobiaren proiektua garatzeari, ingurumenean eragin txikiagoa duelako, beti ere kontuan izanda maila horretako proiektuek nolabaiteko eragina izango dutela ingurumenean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak