Amaia Arrietak betea du Auzitegi Nazionalak jarri dion espetxe zigorra

Nerea Zubiete 2005ko eka. 21a, 11:54
Amaia Arrieta, Jarrai-Haika-Segi auzian epaitu duten gazte arrasatearra aske geldituko da, epaiak dioenez, 3 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra egin behar duelako, besteren artean. Beraz, Amaiak 4 urte egin dituenez espetxe prebentiboan, zigor hori betea du. Espetxe zigorraz gainera,20 hilabetetan eguneko 5 euro ordaintzeko isuna, hau da, 3.000 euro ordaintzeko isuna eta 10 urteko ezintasuna erakunde publikoetan lan egiteko zigorrak jarri dizkiote Arrietari.

Atzo eguerdian kaleratu zuen Auzitegi Nazionalak ebazpena. Ebazpen horretan Madrilgo Auzitegiak dio Jarrai, Haika eta Segi erakundeak ez direla erakunde terroristak. ETA erakundearen helburu berberak dituzten arren, armak ez dituztela erabili esan du Auzitegi Nazionalak. Hori bai, legez kanpo dauden erakundeak direla ebatzi du eta horregatik bi urte eta erdi eta hiru urte eta erdi bitarteko zigorra ezarri die auzipetu gehienei. Lau auzipetu absolbitu egin ditu epaileak, Fiskaltzak euren aurkako salaketa kendu ondoren.

Amaia Arrieta, Jarrai-Haika-Segi auziko gainontzeko auzipetuak moduan, aztertzen dabil Auzitegi Nazionalak kaleratu duen epaia eta guztiak zain daude jakiteko zeintzuk izango diren epai horren benetako eraginak. Horretaz gainera, Fiskaltzak dagoeneko azaldu du errekurritu egingo duela epailearen erabakia, beraz, horren zain ere badaude. Bestalde, eurak ere zeintzuk neurri hartuko dituzten ere aztertzen dabiltza. Hori guztia aztertu ondoren, gaur edo bihar espero dute gizartearen aurrean balorazio bat eta azalpen gehiago emateko moduan izango direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak