Margo azkarren kaleko lehiaketa zapatuan Alde Zaharrean

Lehen Dragoi margo lehiaketa antolatu dute zapatu honetarako, alde zaharrean egiteko. Arrasate Margo Taldeak, Arrasateko Udalak eta Tamaio paper dendak antolatu dute. Margolariek kalean margotu beharko dute alde zaharreko edozein txoko eta goiz horretan bukatu beharko dute lana.

Margo lanak gustuko dituztenek gozatzeko aukera dute zapatu honetan Arrasateko alde zaharrean. Gozatzeko bi aukera izango dituzte. Lehena izango da, antolatu duten margo azkarren kaleko lehengo lehiaketan parte hartuz. Beste aukera bat izango da, alde zaharrera hurbildu eta margolariek egiten dituzten lanekin gozatzea. Goizeko 08:00etan zabalduko da margotzen hasteko aukera. Lientzo garbiei sigilua jarriko diete , eta 14:00etarako amaituta izan behar dute lana.

Adituen lana

Felix Ayala, Arrasate Margo Taldeko kideak azaldu du kaleko margo lan azkarra adituen lana dela. Goiza baino ez dute lana burutzeko. Bestalde, dio margolari horiek kaleko edozein bazter eta detailetan ikusten dutela arte lan bat egiteko arrazoia. Horrela, adituak ez direnei erakusten diete arte lana egiteko gogoa behar dela eta horretarako aukera ugari daudela.

Lan guztiak batuta, 20 bat lan aukeratuko dituzte, besteak beste, horien artean lehenengo sariak erabakitzeko. Gero, koadro horiekin guztiekin erakusketa jarriko dute Kajoi eta Monte tabernetan. Aurrera begira, lehenengo sariak antolatzaileen eskuetan geldituko dira.

Banatuko dituzten sariak hauek izango dira:

Helduak: 1. saria: 1.500 euro eta txapela. 2. saria: 750 euro. 3. saria: 420 euro.

Gazteak, 17 urte bitartean: 1. saria: Margo kutxa + erosketa txartela. 2. saria: Astoa + erosketa txartela.

Umeak, 13 urte bitartean: 1. saria: Margo kutxa + erosketa txartela. 2. saria: Margo kutxa + erosketa txartela.

Izena Tamayo paper dendan eman daiteke aldez aurretik. Bestela, zapatuan bertan ere izena eman daiteke 08:00ak eta 10:00ak bitartean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.