Udalatx barrutik ustiatzearen aurkako plataformak sinadura bilketa jarri du abian. Asteburu honetan eta hurrengoan herriko sei gunetan jarriko dituzte mahaiak: Eroski hipermerkatuan, Musakolan, Arbolapetan, Seber Altuben, Kontzezinon eta Arimazurin. Hainbat komertzio eta enpresatan ere izango da sinadura emateko aukera. Hala, Udalari eskatu nahi diete zulaketak bertan behera utz ditzatela eta proiektuaren inguruko informazio argia eman dezatela.
15 talde, elkarte eta sindikaturen babesa
Kanpanzarko Harrobiak enpresak azaroan erakutsi zuen Udalatx barrutik harria ateratzeko interesa. Eta ordu ezkero mediaren barrualdean ikerketak egiten dabiltza proiektua bideragarria den ala ez jakiteko. Asmoa jakin bezain pronto 15 elkarte, talde eta sindikatuk osatu zuten plataforma. hauek dira partaideak: AHT Gelditu! Elkarlana, Ekologistak Martxan, gaztetxea, Besaide Mendizale Elkartea, Besaide Espeleologia Taldea, CCOO, LAB, ESK, Ahots Kooperatibista, Segi, Ezker Batua, Aralar, Zutik, Batasuna eta Herri Anitza.