Apartheid politikoa gainditzeko urratsik ez

Udaleko osoko bilkurak ez du onartu Herri Anitza plataformak Udalean parte hartzeko mozioa. Plataformak eskatu zuen herritarrek emandako botoen arabera osatzea osoko bilkura eta, horrela, LOREG legearen 182.2 artikuluaren arabera, hainbat hautetsiek eserlekua uztea. Mozio horrek, baina, ez zuen aldeko boto bat ere izan alde.

Joan den astean bi urte igaro dira azken udal hauteskundeak izan zirenetik eta Herri Anitza plataformak salatu du politikoki baztertuta jarraitzen dutela eta erakundeetan ezin dutela inolako parte hartzerik izan. Horrela, atzoko osoko bilkuran aurkeztutako mozioan eskatzen zuen urrats sendoak ematea, herritarrek emandako botoen araberako udala osatzeko.

Aldeko botorik ez

Herri Anitza plataformak udalean ordezkaritza izan eta parte hartzeko mozioak ez zuen aldeko botorik izan. 15 boto izan zituen aurka eta 5 abstentzio.

Ezker Batua alderdiak mozio alternatiboa aurkeztu zuen, eskatuz, alderdien legea bertan behera uzteko urratsak ematea. Bestalde, konpromisoa eskatzen zion Udalari, Herri Anitza plataformak ordezkaritza izateko bizitza politikoan, azter ditzala daudenaukera guztiak. Horretaz gainera, eskatzen zion plataformari baztertzeko biolentziaren bide guztiak, baita ETA-k erabiltzen duen biolentziarena ere. Ezker Batuak aurkeztutako mozio hori ere ez zuen onartu Udalak.

Balorazioak

Herri Anitzak oso balorazio ezkorra egin du Udal osoko bilkuran gertatutakoaren aurrean. Bere ustez, hainbat alderdi politikok ez du ausardia politikorik. Horretaz gainera, alderdi politikoak egiten ditu apartheid politikoaren erantzule.

Inazio Lakuntza, Alkateak uste du bidea izan behar dela alderdien legea bertan behera gelditzea. Gainera baikor da alkatea eta uste du ematen ari diren urratsekin, hori laister gertatuko dela.

Alderdi Popularrak ez du uste alderdien legea bertan behera utzi behar denik ez eta geldituko denik ere. Eurek babestu egin zuten bere garaian lege hori eta uste dute emaitza onak eman dituela. Bestalde, uste dute Arrasateko Udalean argi gelditu dela alderdien gehiengoak ez duela ezer egingo lege hori bertan behera gera dadin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.