Atzo prentsaurrekoa egin zuen Mondragon Korporazio Kooperatibak. Bertan, iazko emaitzen eta datozen lau urteetarako helburuen berri eman zuen. Guztira 4.000 milioi euro inbertitzea aurreikusten du Korporazioak 2005-2008 Plan Estrategikoan.
Nazioartean hedatzea
Nazioartean nabarmentzea da, helburuetariko bat. Azken urteetan areagotuz joan den joerari jarraituz, norabide nagusi Txina eta Europa Ekialdeko herrialdeak izango dituzte. Jesus Catania, MCC-ko presidentearen arabera, aurrerago begira Errusiara zabaltzeko asmoa ere badute.
Lau urteren buruan "atzerrian 70-75 lantegi izateko aukera" zehaztu zuen Cataniak."Lantegi horiek merkatu berriak irabazteko dira eta bide batez hemengo ekoizpena banatzeko" zehaztu zuen MCC-ko presidenteak.
Salmentak
Nazioartekotze lan horrekin, 2008an industria salmenten %16 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo izango dituzten lantegietatik irtetea aurreikusten dute. Eta Industria Talde osoaren nazioarteko salmentak (Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoak) salmenta guztien %57 izatea.
Iazko etekinak
Iaz, %8,3 handitu zituen salmentak MCCk (Industria eta Banaketa taldeek) eta 502 milioi euroko emaitza gordinak iritsi, aurreko urtean baino %22,1 gehiago. Bide horretan, 2.624 lanpostu berri sortu zituen eta gaur egun ia 71.000 langile dira MCCn. Emaitza "zinez onak" direla esan zuen Cataniak.