Euskal Herria aldizkariak eta Debagoieneko Mankomunitateak antolatu dute jaialdia. Euskal Herria aldizkariko arduradunek mendiari, kulturari, naturari eta bidaiari ematen diete garrantzia. Orain jaialdi erraldoi batean batu nahi dituzte horiek guztiak. Horretarako Debagoiena eta bertan Arrasate aukeratu dute eta ekainaren 10, 11 eta 12an egingo dute.
Debagoieneko eskaintza zabaldu
Debagoieneko mankomunitateak helburu bat jarri du jaialdi honetan lortzeko. Gure ibarreko natur ondarea ezagutaraztea. Horretarako, mendi irteerak, natur eta kultur ibilbide gidatuak eta abar antolatuko dituzte Debagoienean egiteko MUNDUMIRA jaialdiaren barruan. Horretaz gain, festaren erdigunean, Arrasaten, artisauen eta gastronomiaren azokak, haurrendako ekintzak, kale animazioa eta musika egongo dira, besteak beste.
Munduko musika
Munduko hainbat herritatik etorritako musikariak entzungo ditugu ekainaren 10etik 12ra bitartean. Brasildik Marcio Faraco etorriko da, Senegaletik Babacar&Diengoz, Eskoziatik Phil Cunningham&Aly Bain, Cubako Raul Paz eta, Euskal Herriko ordezkari Gari izango dugu.
Euskal Herria aldizkariak 25.000 aleko tirada du. Kopuru hori kontuan hartuta, jaialdiaren antolatzaileek espero dute milaka lagun elkartuko direla Arrasaten ekainaren 10etik 12ra bitartean.
Mankomunitateak, bestalde, horrelako jaialdi gehiago antolatzeko asmoa erakutsi du.