Dauden kilometroen bikoitza baino gehiago saldu dute Korrikan

Nerea Zubiete 2005ko mar. 16a, 11:35
Korrika 14.ak babes handia du Arrasaten, ziurtatuta dagoelako ibilaldiaren kilometro guztietan lekukoak laguntzailea izango duela. Ofizialki 13 kilometro ditu aurten Arrasateko ibilaldiak, baina saldu 28 kilometro saldu dituzte.

Aralar Alderdia, Emun Kooperatiba, esperientzia Komunitarioen Truke Programa, Mendi Federazioa, Arizmendi Ikastola, Segi, Udala, Gaztetxea, Santamas Komisiñua, LAB, Euskadiko Kutxa, AED-Txatxilipurdi-Ekin, Herri Eskola-Institutua, Senideak, Ferixalekuko irakasleak, Goi Eskola Politeknikoko ikasle eta langileak, Dantza Taldea, Trikitixa Eskola, Goiena, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Udaleko langileak, Rugby Taldea eta Al Andalus Elkartea dira aurtengo Korrikaren kilometroak erosi dituztenak.

Kilometro bakoitzeko gutxienez 320 euro ordaindu behar dituzte erosleek. Hala ere, bada hori baino gehiago ordaindu duenik. Arrasateko Udalak, esate baterako, 500 euro ordaindu ditu.

Arrasateko ordutegia

Arratsaldeko 8ak eta 10 inguruan sartuko da Korrika Kanpanzarretik, Elorriotik igo eta gero, Epeletik jaitsiko da Arrasatera eta Kataidetik Musakolara abiatuko da. Maalako biribilguneraino helduko da eta handik Portaloira, erdiko kaletik igo eta Iturriotz kaletik bueltan Seber Altube plazarantz hurbilduko da. San Frantziskotik Otalora kaleko biribilgunera irten eta Aramaiorantz abiatuko da.

Korrika Txikia

Hori baino lehen, baina, Korrikaren giroa arratsalde osoan ikusiko da herrian. Bazkalostean, arratsaldeko 3ak aldera Arrasateko ikasle guztiak elkartuko dira Musakolan Korrika Txikian arineketan egiteko. Santamas Komisiñuaren "Tronko-mobilaren" atzetik joango dira takarraran haurrak Arrasateko kaleetan. Horren ostean, indarberritzeko txokolatada egingo dute 16:00etan eta karameloak ere banatuko dituzte. Gero, DeTraka taldeak giroa gehiago alaituko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak