Emakume Langilearen Egunaren aitzakian emakumeek egindako gauzekin azoka antolatzen du urtero Emakume Kontseiluak. Guztira 50 postu eta denetariko salgaiak ipini zituzten Arrasateko plazan zapatu goizean: bitxiak, lore lehorrekin egindako eskulanak, larruzko gauzak, arropak, janariak... Artisau lanak eta baserriko produktuak ikusi eta eros zitezkeen. Denak emakumeek egindakoak. Erosi eta ikusteko aukeraz gain, Ekin Emakume taldekoek hamaiketakoa egiteko modua eskaini zuten. Izan ere, taloekin postua zeukaten ipinita.
Eguraldia lagun izan bazuten ere, eguzkia berotzen hasi artean ez zen jende askorik gerturatu plazara. Horrekin kexu zen Bedoñako Kontxita Berezibar. "Baserriko produktuak ekarri ditut baina salmentak iazkoak baino motelagoak izan dira. Guk nahiago dugu Sebero Altube plaza herriko plaza baino".
Beste batzuk pozik zeuden, ordea. Zaldibartik etorritako Arianek bitxiak ipini zituen azokan salgai, eta salmentak ongi joan zitzaizkiola esan zigun. "Arrasatera lehen aldiz etorri naiz aurten eta gainontzean ere bigarren azoka dut hau. Gustuko dut horrelako gauzak egitea eta pozik erakutsi eta saltzen ditut".
Antolatzaileak pozik
Jendea eguerdi partean azaldu zen plazara, eta 12:00etatik aurrera egin zituzten erosketa gehien.
Antolatzaileak gustura geratu ziren azokak izandako harrerarekin. "Pozik gaude, batetik postu guztiak bete ditugulako, eta hori zen gure erronketariko bat. Bestetik, Arrasaten giroa sortu da eta emakumeek egindako gauzak erakutsiz, zerbaitetan gabiltzala jendeari jakinarazi diogu", esan digu Maite Barreña Berdintasun teknikariak.
Batzuk saltzen, besteak erosten eta asko begira. Non aukeratua behintzat ez zen falta izan. Guztia eguzkipean eta musikaz lagunduta.