Korrikaren hasiera entzungo dugu 'Arrasate Irratian'

ArrasateIrratia 2005eko martxoaren 10a

Gaur hasiko da 14. Korrika Orreagan, 18:30ean. Arrosan biltzen diren irratien ekimenez, Euskal Herri osoko 21 irratik aldi bereko emankizuna egingo dute Korrika hasten denean. Tartean, Arrasate Irratia egongo da.

Gaurko emankizun berezia Euskal Irratiek egingo dute Orreaga bertatik. Antxeta Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegi Irrati-ko lagunak arituko dira lan horretan. Saioa 18:10ean hasiko da eta 19:00etan bukatu. Baina Arrosak hala ahalbideratuta, beste 16 irratitan aldi berean entzun ahal izango da saio bera, Euskal Herriko hainbat txokotan Orreagan gertatuko denaren berri zuzen zuzenean jasoz.

Irrati horien artean badira Arrosako kide direnak eta badira hainbat ekimen konkretu eta puntualetan, oraingoa kasu, Arrosako irratiekin elkarlanean aritzen direnak ere. Arrasate Irratia ez da, berez, Arrosako kide, baina oraingo ekimen honetan parte hartuko du.

Arrosa, irratien arteko elkarlanerako sortua

2001eko udaberrian abiatu zen proiektu honek jadanik lau urte beteko ditu laster. Arrosaren asmo nagusia zena mantentzen dute gaurdaino, Euskal Herri osoan banatuta dauden hainbat irratiren arteko elkarlana sustatzea, bereziki maila lokalean edo ertainean aritzen direnena.

Urte hauetan zehar oraingo honen tankerako saio komunak egin izan dituzte hainbat ekitaldiren inguruan: 13. Korrika, Herri Urrats, Berria-ren aurkezpena… Baina elkarlana ez dute horretara mugatu. Aldikako saio horietaz gain eguneroko jardunean elkarlanean aritzea da euren helburu nagusia.

Elkarlan hori bideratzeko tresna bat dute: Arrosako zerbitzaria. Berari esker zenbait irratiren artean eguneroko jardunean hainbat irratsaio, elkarrizketa, soinu dei... elkartrukatzen dituzte. Zerbitzari hori erabili ahal izateko irratiek hainbat egokitzapen teknologiko egin behar izan dituzte eta une honetan 13 irrati dira elkartruke horretan ari direnak. Arrosako kidea da, besteak beste, Bergarako Txapa Irratia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak