XV. Eskola-Antzerkiaren Jardunaldiak abiaraziko dituzte bihar

Nerea Zubiete 2005eko martxoaren 2a

Eskola-Antzerkiaren Jardunaldiak jarriko ditu abian aste honetan Arrasateko Udalak. 2.000 ikasle baino gehiago hurbilduko dira Amaia Udal Antzokira, ikasleek eurek egindako antzezlana eta antzezlan profesionalak ikustera eta, baita ere, antzokia bera barrutik eta atzetik ikustera. Helburua antzerkia ikasleengana hurbiltzea eta bere bitartez gara daitezkeen gaitasunak bultzatzea da.

Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailek jarriko dituzte abian jardunaldiok, ikasleen artean antzerki zaletasuna hezkuntza adierazpen gisa lantzeko asmoz. Horretaz gainera, ikasleak ohitu nahi dituzte antzezlanak ikustera eta aprobetxatuko dute antzerkigintzaren alderdi hezigarriak eta ludikoak adierazteko.

Hiru fase

Lehen fasean DBHko lehen zikloko ikasleek prestatutako bosta antzerki lan antzeztuko dituzte Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleen aurrean. Bihar eta etzi egingo dute hori.

Bigarren fasean antzerki talde profesionalak ibiliko dira HHko, LMHko eta DBHko ikasleendako lanak taularatzen. 8 emanaldi eskainiko dituzte guztira apirilaren 8tik maiatzaren 13ra bitartean.

Hirugarren fasean LMHko 6. mailako ikasleak Amaia Udal Antzokia ezagutuko dute barrutik eta taula atzekaldetik ere. Hori apirilaren 25ean, 27an eta 28an egingo dute.

Zapaldu Marra

Udaleko Hezkuntza Sailetik azpimarratu nahi izan dute Gasteizko Pikor Teatro taldeak ekarriko duen Zapaldu Marra antzezlanaren garrantzia. Bertan dauden pertsonaiak gazteak dira eta umorez landuko dituzte drogen izateari, erabilerari, eta gehiegikeriei buruz dituzten zalantzak, pasioak eta beldurrak. Maiatzaren 13an eskainiko dute Zapaldu Marra antzezlana eta 14 eta 16 urte bitarteko ikasleek ikusiko dute. Hala ere, joan aurretik eta joan eta gero ere unitate didaktikoen bitartez landuko dute gaia ikasleekin.

Amaia Antzokira etorriko diren antzerki taldeak hurrengoak dira: Panta Rhei, Hika, Mutante Antzerkia eta Pikor Teatro.

XV. Eskola-Antzerkiaren Jardunaldiek aurtengo duten aurrekontua 13.430 euro da eta guztira ia 2.100 ikasle joango dira Amaia Udal Antzokira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak