Monterronen batutako jende multzo handiaren aurrean azaldu zituen Joxe Arantzabalek azken bi urte eta erdiko esperientziaren nondik norakoak; minbizia antzeman ziotenetik, hain zuzen ere. Ordutik, Sustatu weblogean horren gainean idazten hasi zen, eta artikulu horiek batzen ditu liburuak. Liburuaren izenburua bera izan zen lehen artikuluaren izenburua ere. "Minbizia hitza ager zedin nahi nuen, gaitz horretaz garbi hitz egitea egokitu zitzaidala pentsatu nuelako", azaldu zuen egileak. Prozesu osoa labur gogoratu zuen Joxe Arantzabalek, gaixotasunaren hainbat fasetan ateratako argazkien laguntzaz.
Une hunkigarri batzuk ere egon ziren; tartean, Arantzabalek Ivan Noble minbiziak hildako kazetaria, hura ere gaitzaz blog bat egiten hasi zena eta Jon Salaberria hiesaz garbi hitz egiten hasi zena gogoratu zituenean.
Aurrerantzean, "Faroa"
Mikel Irizar liburuaren hitzaurrearen egileak eta Iban Arantzabal Sustatu.com-eko editoreak ere berba egin zuten. Irizarrek nabarmendu zuen Joxe Arantzabalek bizitzan tokatu zitzaionari aurre egiteko izan zuen modua, besteak beste. Iban Arantzabalek gogorarazi zuen Joxeren idatziak irakurtzeko aukera egongo dela Goienaren webgunean, blogen atalean.
Medikuak esan dit minbizia dudala liburua Elkar argitaletxeak atera du eta dagoeneko salgai dago.