"Semea ondo dago, baina oraindik ospitalean"

Xabier Urtzelai 2005ko ots. 21a, 13:28
Asteburuan Gorbeian galdu zen gazte mondragoetarraren aita izan da gaur goizean Arrasate Press-go egoitzan. Semearen berri emateaz gain, eskerrak ematera ere etorri da Juan Pozo, eta baita hainbat gomendio ematera ere.

Zapatu eguerdian galdu zen Gorbeian 28 urteko gazte arrasatearra, eta domeka goizean aurkitu zuten. Aitak esan digu ondo dagoela: "Oraindik Gasteizen dago, ospitalean. Gauean sukarra izan du, eta medikuek ikusi gura dute giltzurrunak zelan dituen".

Gorbeian igarotako gauaren gainean, hauxe semeak kontatu diona: "Badirudi ez zela gau oso gogorra izan, ez zuen euri eta elur asko bota. Hori bai, sekulako hotza pasa zuen. Zuhaitz baten azpian egon zen, eta lo apur bat ere egin zuen. Basurdeak ere ikusi omen zituen gauean".

Hala, semearen berri emateaz gain, hainbat gomendio eman gura izan ditu Juanek: "Mendira joan gura duenak, herriko mendi taldeek ibilaldi ederrak antolatzen dituzte. Arrasaten Besaide Mendi Elkartea ibiltzen da horretan, eta eurekin joateko gomendatzen dizuet, denok elkarrekin. Horrekin esan gura dut, inoiz ez dela mendira bakarrik joan behar, eta gutxiago eguraldi txarra eta elurra egiten badu. Inork ez dezala pentsa natura baino argiagoa denik, edozein momentutan izan dezakegu-eta ezustekoren bat. Horrekin batera, jakin mendira zer nolako arropak eraman behar diren, oso garrantzitsua da hori".

Amaitzeko, eskerrak eman gura izan ditu: "Domeka goizean, lagun asko elkartu ziren semearen bila joateko. Ez dut uste onena denik, semea topatzeko ahaleginetan, beste edozein galdu zitekeen-eta. Hala ere, zeukaten borondatea ikusita, ez nuen ezer esan. Egindako ahalegina eskertzeko berbak baino ez ditut. Eskerrik asko Arbolapetan elkartu ziren lagun guztiei, eskerrak DYA eta Gurutze Gorrikoei, eta baita Gobernuko Zerbitzu Publikoei ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak