Joxe Aranzabalek Monterronen aurkeztuko du bere liburua

Maider Arregi 2005ko ots. 15a, 12:21
Datorren otsailaren 22an, asteartea, Joxe Aranzabal kazetari eta irakasleak liburu bat aurkeztuko du Monterron jauregian, Medikuak esan dit minbizia dudala, eta hor idazle mondragoetarrak kontatzen du bi urtean minbiziarekin izan duen esperientzia.

Aurkezpena izango da arratsaldeko 19:00etan, Monterronen, eta bertan parte hartuko dute: Mikel Irizar, hitzaurregilea; Xabier Mendiguren Elizegi, editorea; Iban Arantzabal, Sustatu.com webguneko editorea; eta Joxe Aranzabal, idazlea.

Arrasaten ez ezik, liburua beste hiru tokitan aurkeztuko da: otsailaren 22an bertan, eguerdian, Koldo Mitxelena kultur gunean, Donostian; otsailaren 25ean, Elorrion, han bizi da eta orain Joxe; eta martxoaren lehen astean, Bilbon.

Elkar argitaletxeak plazaratu du liburu hau, eta atzo hasi zen banatzen Euskal Herriko liburu dendetan. Liburuak hitzaurre bat dauka, Mikel Irizarrek idatzia, eta hitzatze bat, Luistxo Fernandezek egina.

2002ko irailaren 11n Joxe Aranzabali linfoma folikular bat aurkitu zioten, minbizi mota bat, odolean eragiten duena. Lau egun geroago, Joxek argitaratu zuen artikulu bat Sustatu.com albistarian, eta han kontatzen zuen esperientzia hura. Artikulu hark erantzun mordoa eragin zituen Sustatuko irakurleen artean. Gero, bi urtean zehar, beste 16 artikulu idatzi zituen, non kontatzen zituen gaixoaldian izan zituen gorabeherak.

Liburuak Joxeren artikulu guztiak jasotzen ditu, aurretik Sustatu.com-en argitaratuak, eta bi urteetan artikulu horiek Sustatun bertan jasotako erantzunik adierazgarrienak.

Gaur egun Joxe Aranzabal itzuli da lanera, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera. Han arduratzen da Humanitateak eta Enpresa karrerako ikasleen praktika eta proiektuez. Buru-belarri dabil, gainera, talde batean Humanitateak eta Komunikazioa karrera prestatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak