Futbolean, eskubaloian, errugbian, mendi lasterketetan, atletismoan... Kirol askotan egin dute Arrasatekoek erakustaldia. Gaitza da nondik hasi aukeratzea.
Mendiko eski lasterketekin hasiko gara, arrasatear bi izan dira-eta Euskadiko Kopan aurreneko postuetan. Formigalen jokatu zuten atzo Euskadiko Kopako bigarren jardunaldia, eta Isa Casado izan zen lehena, eta Leire Ezpeleta bigarrena. Hori da txapelketan agintzea.
Atletismoan, Jonathan Perezek lortu du Espainiako pertika jauziko txapelketarako txartela. Euskadiko gazte mailako txapelketan esku hartzeko baimena eman zioten, eta 4,95 metroko jauzia eginda lortu du gutxieneko marka. Txapelketa berean, gazte mailako Lander Errastik urrea lortu zuen 3,70 metroko jauziarekin. Bera da Euskadiko txapeldun berria.
Errugbian, pauso galanta
Arrasate Errugbi Taldeak pauso erraldoia egin zuen zapatuan Zarautzi 12-0 irabazita. Hil ala biziko norgehiagoka zen, irabazi beharrekoa, eta Arrasateko taldeak publikoaren bultzadarekin lortu zuen helburua. Jardunaldi bakarra geratzen da; gaitza izango da Gernikari irabaztea, baina Zarautzek Bilbo izango du aurrean. Ikusi egin behar.
Futbolean, Mondrak gehien behar zuena egin zuen zapatuan, txukun jokatuta etxean irabazi, eta sufritu barik, gainera (2-0). Lehenengo zatia parekatua izan zen, golik egin barik erretiratu ziren aldagelara, baina bigarren zatian bost gol egin zizkion Mondrak Real Unioni. Hori bai, horietako hiru balio barik utzi zituen epaileak, hirurak jokoz kanpo adierazita. Maikelek egin zuen Mondraren lehen gola, eta Muxi-k bigarrena.
Eta eskubaloian, AGR ez zen gutxiago izan Urolari 27-25 irabazita. Egia esateko, Arandoren mutilek ez zuten ondo jokatu, baina Urolaren kontra hori ez da albiste.
Esandako moduan, gaitza horrelako asteburu bat berriro ere errepikatzea. Eta hori, Realaren gainean berba egin barik. Berri horiek guztiak, eta beste asko Asteleheneko Goienkarian.