Omenaldi hunkigarria MCCko sortzaileei

Nerea Zubiete 2005ko ots. 10a, 12:29
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak, Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik, etxean omendu nahi izan ditu Mondragon Korporazio Kooperatibako fundatzaileak. Arrasatera hurbildu zen atzo Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Udaletxean hartu zituen Jose Mari Ormaetxea eta Alfontso Gorroñogoitia, bizirik dauden MCCko fundatzaileak eta Luis Usatorre, Jesus Larrañaga eta On Jose Maria Arizmendiarrieta fundatzaileen senitartekoak eta omenaldi hunkigarria egin zien Arrasateko Udaleko ordezkariekin batera. Martxoaren 17an urrezko plakak eta dominak jasoko dituzte Foru Aldundiaren eskutik Donostian.

Bereziki On Joxe Maria Arizmendiarrietak egindako lana goraipatuz egin zuten atzoko ekitaldia. Berak bultzatu zuen kooperatibaren mugimendua, elkartasuna eta berdintasuna baloreetan oinarrituta. Berak bultzatu zuen guztia orain deal 50 urte eta bere ondoan izan zituen Usatorre, Larrañaga, Gorroñogoitia eta Ormaetxea.

Ordua da eskerrak emateko

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du badela ordua, urte guzti hauetan egindako esfortzu handia saritzeko. Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Ahaldun Nagusiak esan zuen, harrigarria dela hainbeste urtetan errekonozimendu ofizialik ez izatea eta orain Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu behar duela ardura hori egiteko, gipuzkoar guztien izenean.

Gaur egun talde indartsua da MCC, baina atzera eginez, Diputatuak gogoratu zuen garai latzak zirela Arrasateko kooperatiba sortu zutenean. Eta orduan landu zituzten baloreak, elkarlana, berdintasuna eta banaketa solidarioa kasu, oso garrantzitsuak izan direla aurrera egiteko. Azpimarratu zuen ez zirela konformatu orduko egoera kritikatzearekin, aurrera egiten jakin izan zutela eta gogor lan eginez egin zutela aurrera. Gainera, urteetan hasierako baloreak gordeaz, Arrasatek jakin izan duela balore horiek Euskal Herrira eta mundura ere zabaltzen.

Gorroñogoitiak eskerrak eman

Omenaldi hunkigarria izan zen, zalantzarik gabe atzo arratsaldean MCCko fundatzaileei egin zietena. Baina are hunkigarriagoa izan zen ekitaldia, Alfontso Gorroñogoitia kooperatibistak mikrofonoa hartu zuenean. On Jose Mariaren figura nabarmendu zuen Gorroñogoitiak, esanez bere gerizpean sortu zirela eta errekonozimendu berezia egin behar zaiola.

Gorroñogoitiak Diputazioaren omenaldia eskertu zuen, baina langile askoren lana ere gororatu zuen. Esan zuen egindako guztia ez dela lortzen gizon baten edo bost gizonen ekinarekin. Milaka kooperatibista daudela horren atzean eta horiei ere omenaldia egin behar zaie, esan zuen Alfontso Gorroñogoitiak, Udaletxeko osoko bilkuren aretoan zeuden lagun guztien arreta erakarriz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak