Euskal presoen egoera salatzeko ekitaldi ugari egin dira asteburuan

Ion Agirre preso aramaioarraren Euskal Herriratzea eskatzeko 2.500 lagun elkartu ziren Arrasateko manifestazioan.

Zapatu iluntzean 2500 lagun elkartu ziren Ion Agirre herri ekimenak Arrasaten deituriko manifestazioan.

Senide eta lagunekin batera alderdi politiko abertzale guztiek bat egin zuten deialdi honekin. Larri dauelako Ion Euskal Herrira leloaren atzean batu ziren Batasuna, EA, EAJ, Aralar, Herri Anitza, Ezker Batua, Zutik, ELA, LAB, ESK, Stee-Eilas, CC. OO., Askatasuna, Etxerat eta Segi.

Preso aramaioarra Malagako espetxean dute preso eta osasun arazo larriak ditu. Osatzeko Euskal Herriratzea eskatu zuten manifestariek. “Pozik gaude jende asko etorri delako”, azaldu du Ion Agirre herri ekimeneko partaide Enrike Letonak. “Ezin gara ordea honetan gelditu, Ion oso egoera larrian dagoelako. Ioni ebakuntza egin arte ez dugu amore emango”.

Ion Agirre herri ekimeneko kideak gaur, astelehena, dira berriz elkartzekoak eta Madrildik erantzunik jaso ezean, protestaldiak nola bideratu aztertuko dute bilera horretan.

Etxeraten batzarra

Etxeratek domeka goizean egin zuen Arrasateko Amaia Antzokian laugarren batzar nazionala. 420 senide elkartu ziren nagusiki euskal preso politikoen egungo egoera hizpide izan zen batzarrean. Presoak burutzen ari diren protestaldiak izan dituzte aztergai. Euskal gizartea presoen egoeraz jabetzen hasi dela uste dute senideek eta batzarrean oso gogoan izan dituzte hildako Oihane Errazkin eta Kepa Miner presoek eta errepidean zendutako Leo Esteban eta Karmele Solaguren senitartekoak.

Ekintza gehiago

Euskal presoak burutzen ari diren itxialdiekin bat egiteko protesta ekitaldi ugari egin da asteburuan Debagoienean.

Eguen iluntzean, Askatasunak deituta 30 bat pertsonako giza katea egin zen Bergaran. Herriko plazan egin zuten protesta ekitaldia bertaratutakoek. Leku berean elkartu ziren Elgeta, Antzuola eta Bergarako LAB sindikatuko delegatuak. Hogei pertsona bildu ziren eta udaletxeko bilkura aretoan pasa zuten gaua presoen itxialdiekin bat egiteko. Arrasateko Harrese aretoan, berriz, Leintz bailarako delegatuak bildu ziren, guztira 15 lagun. LABek ertzaintzaren jarrera salatu du Bergaran miaketak egin zituelako. Aretxabaletan, berriz, inauteri domeka eguerdian presoen aldeko aldarrikapena egin zen Durana kalean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.