Mondragoe ez du onartu Euskaltzaindiak

Nati Arrieta Larrañaga 2005eko otsailaren 3a

Euskaltzaindiako Onomastika batzodeak egin du Herri Izendegia. Arau maila eman zaio, gainera. Askotan irakurri izan dugun Mondragoe ez du onartu Euskaltzaindiak. Gure inguruko bat aipatzearren, Plaentxia ere ez dute onartu.

Euskaltzaindiko Onomastika batzordeak landu eta osoko bilkurak onartu berri duen Gipuzkoako Herri Izendegia aurkeztu zen urtarrileko azken egunean, Gipuzkoako Foru Aldundian. Onartu berri den Izendegi honi, arau maila eman dio Euskaltzaindiak.

Euskal Herriko lurralde guztietako herri-izendegiak egiten ari da Euskaltzaindia. Hala bada, aurreko urteetan onartu ditu hiru lurraldeetako herri-izendegiak: Lapurdikoa, Nafarroa Beherekoa eta Zuberoakoa. Lan horiek guztiak argitaratuak ditu Akademiak.

Gipuzkoa osoarentzako herri-izenak

Herri-izenak euskaraz izendatzeko moldea finkatze aldera, aurretiaz egindako lana hartu, osatu eta biribildu egin du Euskaltzaindiak. Lan horren emaitza da Gipuzkoako Herri Izendegia, 2004. urtean zehar Akademiak onartu duena eta arau maila (140. araua) ere baduena. Erabilerako argibideak ere ematen dira lan honetan, deklinatzeko arauak zehazten baitira. Hauek dira oraingoan sartu diren aldaketarik esanguratsuenak:

  • Leintz Gatzaga marrarik gabe idatzi behar da.
  • Izen bikoitzen erabilera (Donostia / San Sebastián, Soraluze / Placencia de las Armas, Arrasate / Mondragón).
  • Herritar izenak gehitu dira kasu guztietan.
  • Izen berriak sartu dira, lehenago Euskaltzaindiak landutako Herri Izendegian zehaztu ez zituenak.

Debagoienan

Izen ofiziala Euskal izena herritar izena

  • Antzuola Antzuola antzuolar
  • Aretxabaleta Aretxabaleta aretxabaletar
  • Arrasate / Mondragón Arrasate arrasatear
  • Bergara Bergara bergarar
  • Elgeta Elgeta elgetar
  • Eskoriatza Eskoriatza eskoriatzar
  • Leintz-Gatzaga Leintz Gatzaga gatzagar
  • Oñati Oñati oñatiar

Nola idatzi: Arrasate-Mondragon edo Arrasate / Mondragon?

Kontuan izan behar da Euskaltzaindiak bere Herri-izenak: hurrenkera eta zeinu grafikoen erabilera 141. arauan dioena, hots, herri batek euskaraz izen bat eta erdaraz beste bat duenean, bi izenak elkarrekin erabili behar direnean zehar-marra (/) baten bidez bereizirik jarriko direla, Arrasate / Mondragón modura. Marratxoa (-), ordea, bi herrik edo gehiagok administrazio elkarte bat osatzen dutenean erabili behar da, esaterako Ezkio-Itsaso.

Izendegi guztia Erabili.com-en irakur daiteke. Handik atera dugu berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak