Herri barruko autobusen txartela garestituko da

Nerea Zubiete 2005eko otsailaren 2a

Arrasateko herri barruko autobusen bidaiaren prezioa igo egingo dute aurten eta baita datorren urtean ere. Igoera handia izango da. Txartel arrunta 70 zentimotik 85 zentimora igoko da aurten eta euro batera datorren urtean. Bonoa berriz, 52 zentimotik 56 zentimora igoko da aurten eta datorren urtean KPI-ren araberako igoera izango du.

Autobus bidaiaren prezioa igotzeko arrazoia da, Udaleko Zerbitzuetako Saileko Buru den Moises Altunaren esanetan, garraio publikoaren zerbitzuak aurreko urteetan diru galera handiak izan dituela. 2003an, esate baterako, Leintz Garraioak Konpainiak 129.000 euro galdu zituen herri barruko zerbitzua egiten.

Une honetan enpresaren eta Udalaren artean dagoen kontratoa arrisku motako kontratua da. Hau da, zerbitzuan irabaziak izanez gero, ona izango da hori enpresarentzat. Galerak baditu, ordea, enpresaren kontura joango dira horiek ere. Enpresak eskatu egin dio orain baino lehen Udalari finantziazio era aldatzeko eta jartzeko kudeaketa interesatua deritzon kontratua. Horrela, galerak izanez gero, Udalari egokituko litzaioke diru galerak estaltzea. Hori, baina, ez du onartu Udalak.

Zerbitzuak jarraitu

Zerbitzuak iraun dezala nahi du Korporazioak eta onartu du igoera hori egin beharko dela, baina muga batzuk jarri dizkio enpresari. Txartel arruntak izango du igoerarik handiena eta aurten 70 zentimotik 85 zentimora igoko da. Datorren urtean 85 zentimotik euro batera igoko da. Baina Udalak ez du onartu igoera parekoa izatea bonobusaren kasuan. Horrela, ziurtatu nahi dute autobusen eguneroko erabiltzaileek prezio egokia izango dutela eta horko igoera KPI-ren araberakoa izango dela.

Azken zerbitzua kendu

Hori baina, ez da defizitari aurre egiteko onartu duten neurri bakarra. Udalak Autobus Konpainiari kasu eginez gaueko 9etako zerbitzua kendu egingo du aurrerantzean, astelehenetik egubakoitzera bitartean. Moises Altunaren esanetan, zerbitzu horrek bidaiarien %2 garraiatzen ditu eta galera garrantzitsuak eragiten ditu. Hala ere, zerbitzu hori desagertzean kentzen dituzten 400 zerbitzu orduak, beste zerbitzu batzuetan sartu nahi ditu Udalak. Hori baina, nola egingo duten erabaki barik dute oraindik.

Azkenik, Udalak onartu duen beste neurri bat izan da, Leintz Garraioak duen autobus haundi bat eta nahiko zaharra dena kentzea eta herrialde azpigaratuendako bideratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak