Udalak Europako Konstituzioaren aldeko jarrera izango du eta zabalduko du

Nerea Zubiete 2005ko urt. 31a, 19:29
Arrasateko Udalak Europako Konstituzioaren aldeko jarrera izatea onartu du. Gaur goizeko osoko bilkuran onartu du eta horren aldeko informazioa zabalduko du, Alderdi Sozialistak aurkeztutako mozioa onartu ondoren. Alde agertu dira Alderdi Sozialista, Alderdi Popularra eta Eusko Alderdi Jeltzaleko bi zinegotzi. Aurka, berriz, Aralar, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua-Berdeak eta Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotzi bat. Eta azkenik, Eusko Alderdi Jeltzaleko 3 zinegotzik abstentzioa bozkatu dute. Eta bozketa horretan aldeko eta aurkako botuen kopurua berdina izan denez, Alkatearen kalitatezko botoak erabaki du Europako Konstituzioaren aldeko jarrera onartzea.

Lau mozio aurkeztu dituzte osoko bilkuran Europako Konstituzioaren inguruan. Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak trataduaren aldeko mozioak. Ezker Batua-Berdeak alderdiak eta Eusko Alkartasunak aurkako mozio bana aurkeztu dute. Eztabaida luzea egon da osoko bilkuran Konstituzioaren inguruan eta iritzi desberdin ugari azaldu dira.

Zalantzarik gabe defendatu dute Europako Konstituzioa Alderdi Sozialistak, Alderdi Popularra eta Eusko Alderdi Jeltzalearen kide batzuk eta, talde horren barruan, Inazio Lakuntza Alkateak. Alderdi Sozialistaren esanetan, Europako Konstituzioarekin lehen aldiz oinarrizko eskubideak batuko dituen Konstituzioa izango dugu, eta ekonomia baloreen menpe geldituko da. Sozialisten esanetan ezetz esateak geldialdia ekarriko lioke Europari eta merkatua jarriko litzateke edozein baloreren gainetik. Demokraziaren kalterako erabakia litzateke. Popularren esanetan, Europako Batasunak ongizatea ekarri digu eta diote ezinbestekoa dela Administrazioen arteko elkarlana bide horretan. Gainera, diote, nazioen arteko elkarlan solidarioa bultzatuko du eta askatasunerako eremu garbia da. Azkenik, diote popularrek, Europako Konstituzioak Estatuen osotasuna bermatzen dute edozein sezesio asmoen aurka.

Konstituzioaren aurka argi eta garbi azaldu da Ezker batua, esanez, ez dela konstituzio bat, tratadu bat baizik, neoliberala dela eta merkatua baino ez duela babesten, ahaztuz norbanakoen eta herrien eskubideak, eta bertan lanean dabiltzan atzerritarrentzat oztopo ugari jarriko dituela, besteen artean. Bat egin du Aralarrek Ezker Batua-Berdeak alderdiak azaldutako arrazoiekin. Eusko Alkartasunak azaldu du, besteen artean, Europako Legebiltzarrak kontrolatuko ez lukeen organu bat sortuko dela, hau da, Europako Bankua. Horren harira, gaineratu du kapitalismoa eta demokrazia parekatzen dituela eta, alderdi horren ustetan, konstituzio neoliberala dela.

Aipatu behar , azkenik, gaurko bozketa horretan Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotziek ez dutela bozkatu talde moduan eta agerian gelditu dela iritzi ezberdin asko daudela alderdi horren barruan, Arrasateko zinegotzien artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak