Oxel Etxebarria: “Errugbian, normalean indar handiena duen taldeak irabazten du”

Xabier Urtzelai 2005ko urt. 28a, 11:47
Oxel da Arrasateko taldean puntu gehien egin dituen jokalaria, eta txapelketako rankingean ere aurreko postuetan dago. Infantil mailan hasi zen, eta seniorretara iritsi da. Eguaztenean izan ginen berarekin, Arrasate zuri esnatu zen egunean.

Arrasateko taldean, orain arte, zuk egin dituzu puntu gehien.

Bai, baina horrek ez dauka meritu handirik, jokatzen dudan postuarengatik egiten ditut-eta puntu horiek. Entsegu baten ondoren edo zigor golpe bati esker zuzenean jaurti behar izaten dut atera, eta horrela egiten ditut puntuak. Meritu handiagoa daukate entseguak egiten dituztenek.

Daukazun ezker hanka horrekin, baina, futbolerako ere ondo.

Ez pentsa. Aspaldi esan zidaten Mondran futbolerako ez nuela balio, eta errugbian hasi nintzen. Gainera, taldean badaude nik baino hobeto jaurtitzen dutenak. Ohitura bilakatu da horrelako jaurtiketak nik egitea, beste barik.

Estatu mailan zabiltzate. Maila polita da, baina era berean gogorra, ala?

Bai, gogorra da talde batzuek oso maila ona daukatelako. Kontua da, indar handia daukaten taldeen kontra jokatzen dugula, eta horrelakoetan errazagoa dela min hartzea. Hainbat jokalari ditugu lesionatuta, eta taldeak igarri egiten du hori. Atletico San Sebastian eta Gernika beste maila bateko taldeak dira, baina talde osoa izango bagenu, gainontzeko kontrarioei lana emango genieke. Jokalari gutxirekin gabiltzanez, baina, egurra jasotzen dugu.

Esango nuke Zarautzen zain zaudetela.

Bai. Badakigu gainontzeko kontrarioei irabaztea oso zaila dela, baina Zarautzi irabaziz gero, mailari eutsiko diogu.

Helburua beteko zenukete horrela.

Bai. Zarautzen kontra daukaguna ematera zelairatuko gara, eta mailari eusten ahalegindu. Gero, uste dut taldeak egin behar duela hausnarketa. Estatu mailan jokatzea esperientzia ona izan da, eta ikusi dugu maila gogorra dela. Erabaki beharko dugu, daukagun taldearekin, gure maila ote den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak