Arrasateko ordenantzek 50. artikuluan esaten dutena jarri du mahai gainean EB-Berdeak taldeak. Artikulu horren arabera, lur azpiari ematen zaion erabilera kontuan izan gabe, lur azpiko instalazioek, lur mugimendu, lur erauzketa eta indusketek eta, azkenik, azterketa geoteknikoetarako laginek Udaleko baimena behar dute. Hori, salatu dute, oraingoan ez da aplikatu, beraz, legez kanpoko jarduera du esku artean Kanpanzarko Harrobiak. Horrek gainera, diote, ekarri du Udalak ez duela 120.300 euro jaso jarduera horretatik, lizentziarik ez ematean, tasarik ez duelako kobratu.
Txostena eskatu
Gauzak horrela, Ezker Batua-Berdeak alderdiak Hirigintza Batzordeko Zerbitzu Teknikoen esku utzi dute auzia, hauek behar den azterketa egin dezaten. Orain Zerbitzu Teknikoen txostenaren zain daude. Hala ere, txosten horrek ezetza emango baliete, alderdiak esan du ez duela baztertzen beste bideren bat jorratzea Udalatxeko jarduera eteteko eta hori "Udalatx mendiko meatzaren aurkako plataforman" planteatuko duela.
Ezker Batua-Berdeak-en esanetan, orain pilota Udaletxearen teilatuan dago eta euren esku dago lanetarako lizentzia ematea. Horretaz gainera, berretsi dute herri galdeketa egitearen aldekoak direla.