Aurtengo aurrekontua abian Udalean

Nerea Zubiete 2005ko urt. 10a, 13:42
Arrasateko Udalak 37.470.035 euroko aurrekontua kudeatuko du aurten. Egingo diren inbertsioen artean, aipatzeko modukoak dira Kultura Etxe berria amaitu egingo dutela, Mojategiko kirol instalazioak hasiko dituztela aurten eta Biteriko lur azpiko aparkalekua.

Arrasaten bizi diren 22.887 biztanleentzat Udalak 37.470 035 euroko aurrekontua onartu du aurtengo. 2004ko azken udal osoko bilkuran onartu zuen 2005eko aurrekontua Arrasateko udalak, Eusko Alderdi Jeltzalearen, Eusko Alkartasunaren, Ezker Batua Berdeak-en eta Aralarren aldeko botoekin. Udaletxeko oposizioan dauden Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularra, berriz, abstenitu egin ziren aurtengo aurrekontuak bozkatzeko orduan. Onartutako aurrekontu orokorretik udalak berak 35 milioi euro pasa kudeatuko ditu, Aukea udal kirol erakundeak ia milioi ta erdi eta Iturbide Zaharren egoitzak 2 milioi eta 122 mila euro kudeatuko ditu.

Kultura Etxe berria amaitu aurten

Diru sarrera nagusiak transferentzia korrienteak izango dira Udalarentzat. Hortik 12.699.810 euro hartuko ditu. Ondoren, sarrerarik nagusienak tasak eta prezioak, finantza pasiboak eta zuzeneko zergak dira. Gastu nagusienak, berriz, inbertsioak izango dira. 13.498.565 euro gastatuko ditu udalak 2005ean. Inbertsiorik garrantzitsuena Kultura Etxearentzat da, 2.480.000 euro obra bukatzeko. Udalak uste du Kultura Etxe berria udaberrirako amaituko dutela eta udako oporren ostean zabaldu ahal izango dutela. Hurrengo inbertsiorik nagusiena Mojategiko kirol instalazioak egiten hastekoa da: 1.850.000 euroko inbertsioa egingo dute. Hau hasiera izango da, izan ere obra guztia 10 milioi euro baino gehiago kostatuko da. 2007rako amaituta egotea espero du Udalak. Biteriko lur azpiko aparkalekuak ere partida esanguratsua du aurtengo: 1.100.000 euro. Inbertsio gehiago ere izango dira, besteen artean, Musika Etxea eta Industria Museoa egokitzea Zerrajeran, Abaroako eta Musakolako erretiratuendako egoitza berriak egokituko dituzte eta Makatzena eta Santa Teresa biziberritzeko lanak egingo dituzte.

Kultura eta Euskara Sustapenerako Saila

Aurten, diru gehien kudeatuko duen saila Euskara eta Kultura Sustapenerako Saila da, aurrekontu osoaren ehuneko 28´7, hau da, 10.136.005 euro. Horren ondoren, Hirigintza Saila dator, 4. 825.559 eurorekin eta Gizarte Sustapenerako Saila 4.005.839 eurorekin. Horrela, udalak biztanleko 1.283 euro hartu eta 1.541 gastatuko ditu aurten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak