Aterkiekin, baina kalera irten ziren arrasatearrak Jai Herrikoian

Marijo Deogracias 2004ko abenduaren 20a

Txerri eta guzti ospatu zuten mondragoetarrek Jai Herrikoia. Jendeak ondo erantzun zion zapatuko jaiari.

Aterik eutsiko zion esperantza zuten arrasatearrek zapatuan, baina ez zen horrela izan. Hala ere, Santamas Komisiñuak, Agakok, Txikitxu Arrostaitz dantza taldeak, Arrasate trikitixa eskolak, ARTE Arrasateko taila elkarteak, AEDko bertso eskolak, Lore Gazteak dantza taldeak, Ttakun Arrasateko txalapartariek, Arrasateko txistulariek, Loixe zeramika taldeak eta Arrasateko kiliki eta erraldoien konpartsak antolatutako Jai Herrikoia ondo baino hobeto irten zen.

Txistularien kalejiraren ondoren, dantza taldeen saioa izan zen Herriko plazan, eta bitartean, udaletxeko arkupean, txorizo pintxoak eta sagardoa banatu zituzten antolatzaileek. "50 bat kilo txorizo, 1.400 bat pintxo” esan ziguten antolatzaileek, baina arratsalderako gorde zuten txorizoa ere amaitu egin zitzaien eguerdian, hara joan zen jende guztiarekin. Plazaren alde bietan, pankarta bana: Jai herrikoien alde, Santamas komisiñue aurrera! eta Udala: herri ekimena onartu, errespetatu.

Desadostasunak tarteko

Santamas eguna antolatzeko Santamas Komisiñuaren eta hainbat kultur talde eta Udalaren artean egondako desadostasunak tarteko, zapatuan Jai Herrikoien aldeko eguna ospatzea erabaki zuten haiek. Horrek, ordea, ez du esan gura Santamas egunean jaia egingo ez denik. Kalean galdetu genuen hori eta denak zetozen bat esaten “batera antolatzea litzatekeela egokiena”, baina horretarako “orain arte jai komisiñuak egindako lana errespetatzea eta gutxieneko armonia” egon behar direla.

Manex, Enaitz eta Jokin bertsolariek abestu zuten moduan, eguraldia kaskarra, umeendako nabarmen, hala ta guztiz herri osoa ikusi dezaket hemen eta ez dadila inor triste gelditu, eguna aurretik dago, Jai Herrikoiari erreferentzia eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak