17 hilabeteko espetxe zigorra bi gazterentzat

Nerea Zubiete 2004ko abenduaren 17a

Arrasateko bi gaztek, Lur Pagoagak eta Gaizka Azkaratek 17 espetxe zigorra betetzeko epaia hartu dute. Epai horrek dioenez, Arrasateko zinegotzi sozialista baten aurkako mehatxu terroristak egin zituztelako. Alderdi Sozialistak, bestalde, salatu egin du EAko eta EBko zinegotzi batzuk epaiketan izan zuten jarrera. Sozialistek diote gezurretan ibili zirela eta ETA-kideak defendatu zituztela.

Arrasateko gazte biei 17 hilabeteko espetxe zigorra eta zinegotzi sozialistari 12.000 euroko indemnizazioa ordaintzeko zigorra jarri diete.

Mehatxu terroristak

Matilde Martin, Arrasateko zinegotzi sozialistak salatu zituen gazte biak, osoko bilkura batean, etxera egindako telefono deien bitartez eta supermerkatu batean bere aurkako mehatxuak egin izanagatik.

Orain epaiak dio hori egia zela frogatu dutela eta gainera dio mehatxu horiek ez direla mehatxu soil batzuk, baizik eta, ETAren inguruko pertsonek egindako mehatxuak direla, hemengo zinegotzi popular eta sozialisten aurkako kanpaina baten barrukoak.

Sozialistak hainbat zinegotzi kritikatu

Arrasateko Alderdi Sozialistak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordeko Lehendakaria den Amaia Larrañaga arrasatearraren dimisioa eskatu zuen atzo, Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran. Paco Garcia sozialistak azaldu zuen Pagoagaren eta Azkarateren aurkako epaiketan lotsagarria izan zela Larrañagaren interbentzioa, gezurra esan zuelako eta ETA-kideak defenditu zituelako. Garciaren esanetan, Giza Eskubideen Batzordeko Lehendakariak sentsibilitate berezia agertu behar zuen biktimekiko.

Hori dela eta, Arrasateko sozialistek zalantzan jartzen dute Larrañaga ote den egokiena Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordeko Lehendakari izateko.

Larrañagaren aurkako salaketa, bestalde, zabaldu egin ditu Alderdi Sozialistak Jose Mari Urizar, Eusko Alkartasunako zinegotzi ohiarentzat eta Joseba Ugalde, Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak