Mugarri Alkesakoek deskantsua izango dute, baina herrian saskibaloi jarraitzaileek izango dute zerekin gozatu. Kadete mailako lau selekzio izango dira Iturripeko kantxan nor baino nor, eta aipatzekoa da Euskadiko selekzioan Beñat Barberena arrasatearrak hartuko duela esku.
Saskibaloi txapelketaz gain, abenduaren 29an entrenatzaileei zuzendutako ikastaroa emango dute Pau Gasol eta Juan Carlos Navarro gertutik ezagutzen dituen Carlos Sergiok eta Atletico San Sebastian taldeko entrenatzaileak.
Liderraren kontra
Mugarri Alkesari dagokionez, Arrasateko taldeak aurtengo azken partidua jokatuko du bihar 20:15ean Zizur Nagusian (Nafarroa). Azken partidua eta liderraren kontra, Padura izango dute-eta kontrario. Saskibaloiko mutilak ez daude ezer oparitzeko moduan. Badirudi, baina, Zurututzaren taldekoek argi daukatela bigarren itzulia lehenengoa baino dezente hobea egin behar dutela, eta hasi dira hori erakusten. Joan den astean Atletico San Sebastian esku hutsik itzuli zen Donostia aldera (84-79); Arrasatekoek gaizki jokatu bazuten ere norgehiagoka guztian izan ziren aurretik, eta hori seinale ona da. Urtea amaitzeko liderrari bere kantxan irabaztea asko eskatzea da, baina eskatzea beti da libre.