11 herrialdetako 22 partaide ariko dira Nazioarteko Akordeoi Lehiaketan

Txomin Madina Milikua 2009ko aza. 27a, 16:34
Hauspozek, Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak antolatuta, abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo dira aurtengo Arrasateko Akordeoi lehiaketak. Antolatzaileen esanetan aurtengo edizioa bereziki garrantzitsua izango da, besteak beste bertan egingo delako Nazioarteko Akordeoi Konfederazioaren neguko biltzarra.

Amaia antzokian, Arizmendi ikastolan eta Kulturaten izango dira ekitaldiak eta azken edizioetan bezala, hiru zatitan egongo dira banatuta Arrasateko Akordeoi Lehiaketak.

Batetik, Gipuzkoako Akordeoi Jaialdiaren XXII. edizioa burutuko da: lehiaketa izan beharrean, hezkuntza eta promozio izaera izango du, eta bakarlari eta kamara musika taldeei dago zuzenduta.

Gipuzkoako XXX. Akordeoi Lehiaketa ere egingo da, antolatzaileen arabera, Espainian egiten diren akordeoi lehiaketetan osatuena eta zailena. Adinaren arabera, hiru mailatan egongo da zatitua. Goi mailako pedagogia funtzioa izango du eta kontserbatorio mailen beharretara egongo da egokituta.

Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa

Lehiaketen izarra baina, Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa izango da, aurten XVII. edizioa beteko duena. Antolatzaileen arabera, kontzertugile izan gura duen akordeoilari ororentzat erreferentziazkoa da. Aurten 22 partaide batuko ditu, hamaika herrialde ezberdinetakoak.

Iñigo Aizpiolea lehiaketen koordinatzaile nagusiaren esanetan,  nazioarteko lehiaketa honen berezitasuna da diru sariak emateaz gain, irabazleak kontzertu bira emateko aukera izaten duela. Hala, iazko irabazleak, Nikola Tanascovic serbiarrak bost kontzertu emango ditu denera egunotan, besteak beste Aretxabaletan abenduaren 5ean eta Arrasaten abenduaren 7an

Nazioarteko biltzarra

Aurtengo edizioa baina, berezi izango da oso, Akordeoiaren Nazioarteko Konfederazioak Arrasaten egingo baitu 120. Neguko Kongresua. Besteak beste Estatu Batuak, Alemania, Fiji uharteak edo Norvegia bezalako herrialdetatik etorritako kideak egongo dira bertan eta 2010ean burutzekoak diren ekimenak izango dituzte eskuartean.

Iñigo Aizpiolarendako berebiziko garrantzia izango du Arrasaterentzat, bertako lehiaketak duen bizipena eta filosofia ezagutzeko aukera emango baitie.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak