Arrasateko Udal Azokaren araudiak aldaketa bat izango du hemendik aurrera. Udalak aukera eman nahi du saltokiak banakako egunetarako adjudikatzeko ere. Kontua da orain asteazken eta ostiraletarako ematen dela esleipen edo adjudikazioa, hau da, egun biak batera eskaintzen direla, baina hemendik aurrera egun bakar baterako ere egingo dituzte adjudikazioak. Hori bai, saltokiren batek eskatzaile bat baino gehiago balu, aukeraketa egiteko orduan, teknikariek kontuan hartuko dute zein den saltokia egun gehiagorako eskatu duena eta horri emango diote lehentasuna.
Udalak hurrengo erabakia hartu zuen asteleheneko, urriaren 25eko osoko bilkuran: Saltoki finkoen esleipenaren iraupena 20 urtekoa izango da gehienez. Saltoki berezien esleipenaren iraupena, berriz, 9 urtekoa izango da gehienez, aste bakoitzaren asteazken eta ostiraletan erabiltzeko. Eta hemen zehaztasuna egiten du: bi egunak batera erabili ahal izango du eskatzaileak edo bietako bat soilik. Eta baserritarrendako dauden saltokien adjudikazioak urtebete iraungo du.