Lagun Arok sukurtsal berria inauguratu du

Goiatz Arana Begiristain 2004ko urr. 27a, 17:51
Lagun Aro aseguru etxeak sukurtsal berria zabaldu du Arrasaten, eta gaur eguerdian inauguratu dute. Bezeroekiko gertutasuna areagotzea da helburua eta, horretarako, lokala aldatzeaz bat, beste berrikuntza batzuk ere egin ditu Lagun Arok.

Otalora kalean zabaldu du lokal berria Lagun Aro aseguru etxeak, Arrasaten duen lider postua finkatzeko helburuarekin. Bezeroekin bildu eta hitz egin ostean, komunikazio bide berriak irekitzeko premia sumatu zuten arduradunek eta, honako hau lokal berri bat irekitzeko momentu ona izan daitekeela pentsatu zuten.

Komunikazioa, errespetua, konfiantza, konpromisoa eta partehartzea dira Lagun Aroren funtsezko baloreak, eta balore horietan oinarrituta, “Arrasate proiektua” jarri dute abian.

Punta-puntako sukurtsala

Sukurtsal berria modernoa da, pantaila ugari ipini dituzte informazio orokorrarekin eta, bertara doazen gurasoek egin beharrekoa lasai egin dezaten, umeentzako txoko bat prestatu dute. Areto konfidentzial bat ere bada bertan, bezeroek hala eskatuz gero erabiltzeko. Zortzi lagunek egiten dute lan Otalorako sukurtsal berrian, orain artekoa baino ordutegi zabalago batekin; aurrerantzean, bulegoko ateak 19:30ak arte egongo dira zabalik.

22 urteko historia

Sukurtsal berriko zuzendari Xabier Yanizek Lagun Aroren historia ekarri du gogora inaugurazio ekitaldian. Lagun Aro enpresa 1982an sortu zen, Arrasaten. Mutuan egon zen 88ra arte, eta Iturriotz kalera aldatu zen ondoren. Bertan egon da 16 urtez, eta gaur ibilbide berri bati ekin dio Otalora kaleko bulego berriarekin. Lagun Aro dezente handitu da: gaur egun, 65 sukurtsal ditu Euskal Herrian, 350 lagunek egiten dute lan, 250 mila bezero ditu –horietatik 8 mila Arrasaten-, eta 140 milioi eurotik gorako fakturazioa du.

Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Euskadiko Kutxako eta Mutuako ordezkariak, bezeroen ordezkariak, Lagun Aroko zuzendari komertziala eta zuzendari orokorra eta Arrasateko eta Oñatiko alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak