Lur azpiko lehen zabor-ontziak jarri nahi ditu Udalak

Udala lur azpiko lehen zabor-ontziak Arrasaten jartzeko aukerak aztertzen dabil. Azoka eta Mondragones kaleen inguruan jarri nahi ditu, egingo dituzten urbanizazio lanak aprobetxatuz. Hala ere, lehenago Debagoieneko Mankomunitatearekin adostasuna lortu beharko du.

Iaz hasi ziren Udaleko teknikariak Mankomunitatearekin harremanetan Arrasaten ere lurpeko zabor ontziak jartzeko. Orduan, baina, Mankomunitatearen lehen erantzuna izan zen hori udal bakoitzaren kontura utzi nahi zuela. Aurten, berriz, Mankomunitatea bera izan da udalei proposamena egin diena eta esan die, horrelako zabor ontzirik jarri nahi izanez gero, bera izango dela zabor ontziak erosiko dituena, baina egin beharreko obra zibila Udalak hartu behar duela bere gain. Horretaz gainera, Mankomunitateak proposatu du jarri ostean, ontzien zainketa lanak ere udalen esku gelditzea.

Arrasateko Udalak, berriz, ez du azken hori egoki ikusten, Moises Altuna, Arrasateko Udaleko Zerbitzuetako teknikariak esan duenez. Udalak esandio Mankomunitateari ontziak jarri osteko zainketa lana ere Mankomunitatearen esku gelditu behar dela. Teknikariaren esanetan, zabor ontzi horiek ez dira herriko edozein tokitan jartzeko, gehien bat oso garestiak direlako. Kontuan hartu behar da, egin behar den obraz gainera, geroko zainketa ere oso garestia dela.

Garestiak

Bost zabor-ontziren bateriak, dio teknikariak 60.000 euro inguru balio du. Horri, jartzeko behar den obra gehitu behar zaio, eta azkenik, jarri osteko zainketa lana. Hori ere oso garestia da, kontuan hartuta lur azpian gelditzen diren ontziak sistema hidrauliko baten bitartez jasotzen dituztela eta sistema hori dela zaindu behar dena.

Beste aldean, ontzi horiek ematen dituzten onurak ditugu. Estetikoki askoz ere egokiak dira hirietako hainbat tokitan jartzeko. Horretaz gainera, zaborraren inguruan egoten den kiratsa ere desagertu egiten da, guztia barruan gelditzen delako.

Arrasateko Udalak urbanizazio lan batzuk aprobetxatu nahi ditu lehen zabor-ontzi horiek jartzeko. Mondragones eta Azoka kaleen ingurua urbanizatu behar dute datorren urtean eta hor kokatu nahi dituzte lurpeko lehen zabor- ontziak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.