Bigarren eskuko 22 bizikleta saldu zituzten lehen Bir-zikleta azokan

Larraitz Zeberio Lekuona 2004ko irailaren 20a

Zertarako eduki etxean erabiltzen ez dugun bizikleta? Arrasatearrek atsegin handiz jarri zituzten salgai bigarren eskuko 37 bizikleta.

Goizeko hamaikak ziren zapatuko Bir-zikleta azoka zabaldu zenean. Arrasateko Seber Altube plazan musika hotsa entzuten zen nonahi. Plaza erdian, bigarren eskuko 40 bat bizikleta zeuden; bakoitza, salneurriaren berri ematen zuen txartel bana zintzilik zuela, jabe berri bat noiz animatuko zain.

Lehen aldia zen Arrasaten Bir-zikleta azoka antolatzen zela. Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barne abian jarritako ekimena izan da, hain zuzen ere.

“Gure aurreikuspenak bikoiztu egin dira”, azaltzen zuen azokan lanez gainezka topatu genuen Rafa Ugarte udal arduradunak. “Hogei bat bizikleta espero genituen eta, astean, 35 jaso ditugu Merkatu plazan. Gaur goizean, berriz, bizikleta gehiago iritsi dira eta, aldez aurretik aurreikusita ez bazegoen ere, onartu egin ditugu. Guretako, oso emaitza ona da”.

Jabeak esandako salneurrian jarri ziren salgai bizikleta guztiak, eta asko izan ziren erostera animatu zirenak; 22, hain justu.

Ordezko pieza ugari

Bigarren eskuko bizikletez gain, Arrasateko lehen bir-zikleta azoka honetan ordezko pieza asko ikusi genituen salgai. Kaskoak, patinak, patineteak, eskularruak... Dena salgai eta, bertaratutako gehienen iritziz, oso prezio onean.

Autorik Gabeko Astea martitzena arte luzatuko da. Gaur eta bihar doan bidaiatu ahal izango da Arrasateko herri autobusetan. Gaur, astelehena, bonoa aurkeztu beharko dute bidaiariek; bihar, ordea, ez. Irailaren 16tik 400 pertsonak erabili dute doako bonoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak