Asteburuan bukatu nahi dituzte Uarkapen agiriak lehortzeko lanak

Nerea Zubiete 2004ko irailaren 17a

Uarkape Udal Pilotalekua asteburu honetan hutsik utziko dutela espero dute Udaletxean, artxibategian gertatutako uholdean bustitako agiriak lehortzeko lanak amaitu ondoren.

Uarkapen orain arte lehortu dituzten agiriak Oñatin daude. Azkenak asteburu honetan lehortu nahi dituzte, guztiak Oñatira eramateko.

Abuztuaren 30eankonturatu ziren udaletxeko langileak artxibategian ura sartu zela, argindarra ez zebilelako ondo. Gainera, ura ez zen egun batean sartu, abuztuan zehar sartuaz joan zen, ustez, aire girotuaren sistemak huts bat zuelako. Guztira milioi bat orrialde busti ziren, 180 metro apal. Horietako batzuk aspaldiko agiriak ziren, XV. mendekoak batzuk.

Ura atera eta presazko lana zen agiriak lehortzen jartzea. Horretarako Udalak 30 ikasle kontratatu zituen eta abuztuaren 31n bertan hasi ziren guztiak Uarkapen lehen agiriekin lan egiten. Lehortu ahala, Oñatira eramaten dabiltza agiriak, arrasaten artxibategiari buruzko erabakirik hartzen ez den bitartean han egon daitezen. Gero, lehortutako agiri batzuk beste tratamendu batzuk izan beharko dituzte, euren onera itzultzeko.

Udaletxeko artxibategiaren gela ere garbitu eta desinfektatu beharko dute eta gero, Udalak aurrerantzean zer egin erabaki beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak