Mertxe Valdivieso orain dela sei urte pasatxo hasi zen Lur txakurrari lehenengo ariketak erakusten: Lur-ek urte erdi zuenean hasi nintzen lehenengo ariketak erakusten. Orduan ez ziren salbamendurako ariketak, oinarrizko ariketak ziren. Gero, Elorrion izan ginen lur gaineko salbamenduko ariketak ikasten, baina Terranova txakurrak uretako txakurrak dira, eta uretako salbamendu ariketekin hasi ginen.
Proba ikusgarriak
Zapatuan, lehenengo mailatik hasi eta laugarren mailara arteko probak egingo dituzte Lekeition: Oso proba ikusgarriak dira, laugarren mailakoak batez ere. Adibidez, txakurrak hainbat metroko distantziara bananduta dauden bi lagun atera behar ditu uretatik. Lagun bat hilda dago, eta bestea itotzen. Txakurrak jakin behar du lehenengo itotzen dabilen lagunarengana joan behar duela, eta gero hilda dagoen gorpuarengana. Biak hartu eta hondartzara ekarri behar ditu. Proba ikusgarriak dira. Italian, adibidez, txakurrek helikopteroetatik egiten dute jauzi. Zapatuan, Mertxe epaile lanetan ibiliko da. Domekan, baina, erakustaldia egingo du Lur-ekin batera.